Euskaraz bizi-bizi

Aita, ama... kontu bat dut zuei esateko egitasmoa abian da

Olatz 2014ko api. 30a, 17:59

Proiektuaren lehen fasea amaitu berri dute, eta orain hasiko dira bigarren zatiarekin

1989an Orioko gazteen %30ak egiten zuen kalean euskaraz; 2013an, berriz, %88,5ek.  Helduen erabilera, ordea, ez da batere handitu eta hortxe dago, ez arre ez iso, %55aren bueltan iltzatuta. Udalak eta bi ikastetxeek Aita, ama... kontu bat dut zuei esateko egitasmoa jarri du martxan gurasoen hizkuntza-ohituretan eragiteko helburuarekin, helduen euskara-erabilera handitzeko asmoz.

Orioko egoera ez da, zoritxarrez, kontu isolatua. Badira jada arazoari neurria hartzen hasita dauden toki batzuk, Gabiria eta Irura, adibidez. Esperientzia pilotu hauek Aita, ama... gauza bat dut zuei esateko izena dute; hortik gure egitasmoaren izena.

Datuak bildu eta sozializatu

 

Egitasmoaren lehen urratsa gurasoen etxeko eta kaleko hizkuntza ohiturei guruzko datuak jasotzea da.  Horretarako, galdetegi bat prestatu eta pasa da LH4, LH5 eta  LH6ko haurren eta haurren gurasoen artean. Lehen pausu hau egina dago, apirilean 16 galderez ostatutako galdetegia bete baitzuten gurasoek. Udalak eta ikastetxeek bildu dituzte datuak.

Hizkuntzaren transmisioa nahiko ondo bideratuta dago familietan. Hori ondoriozta daiteke jasotako datuekin, izan ere, euskaraz dakiten gurasoek euskaraz egiten diete seme-alabei. Familia mistoetan ere, euskaraz dakien gurasoek euskaraz egiten die haurrei ia beti. Familia misto gehienetan –Orioko %36,25 mistoak dira– euskaraz egiten dute anai-arrebek beren artean, baita familia guztiz erdaldunetan ere.

Gurasoen arteko erabilerari dagokionez, ordea, gehiago dira beraien artean gaztelaniaz hitz egiten dutenak: %55, hain zuzen. Eta hori, familien %64an bi gurasoak euskaldunak direla. Gurasoek beste gurasoekin ere gaztelaniaz hitz egiteko joera daukate, izan ere, jakintza maila %74-78koa da baina praktikara %53-57k eramaten dute.

Orain, bigarren fasean kokatzen gara jada. Galdetegiak eman duenaren berri emango da, gaia sozializatuko da iritzi artikulu, blog, triptiko eta gurasoei zuzendutako jakinarazpenen bitartez.

Euskara parkeetara eramatea

Jolas-parte hartzaileak egitea izango da hurrengo pausua. Hau, Udaleko Euskara batzordeak egingo du, Urtxintxa aisialdi elkartearekin batera. Haurrak eta helduak euskaraz elkarrekin jolasteko helburuarekin egingo dira, eta helduen artean euskarazko hartu-emana sustatzeko xedearekin. Bi jolas parke erabiliko dira horretarako: ikastola aurrekoan eta Kosta tailerraren ondokoan.

Jolasak maiatzean zehar egingo dira: asteartetan  Kosta Tailerraren aldamenekoan eta asteazkenean ikastola parekoan. Haurrak euskaraz ari dira... eta zu? dioten kartelak jarriok dira parkeetan. Honela, bertaratutakoak mezua irakurri eta pentsarazi ahal izango du.

Udararen ostean, buelta ikastetxeetara

 

Uda pasata, euskararen erabileraren gaia bi ikastetxeetara eramaten saiatuko dira Euskara batzordeak eta ikastetxeak. Gurasoei aurreko ikasturteko galdetegietako datuak emango zaizkie urtearen hasieran egiten diren bilera orokorretan.

Datuek argi diote: haurrak eredu dira gurasoentzat. Horregatik jarri dute martxan Udalak eta ikastetxeek ekimen hau, haurrak eredu izanik gurasoen euskara erabilera hobetzeko.

 

 


 

Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide