Euskaraz bizi-bizi

Euskara mainstream

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraz bizi-bizi 2013ko mai. 19a, 10:09

Larunbat arratsalde euritsuari etekin zerbait atera nahi eta, Manelen azken diskoaren musika lagun, blog sarrera hau idatzi dut, bizi-bizi, Orioko EAJri gomendio bat egiteko: euskara gehiago erabil dezala sare sozialetan.

Aste honetan jakin dut, Twitter bidez, EAJk sare sozialetarako arduradunak dituela herriz herri eta, hori gogoan hartuta, erabaki dut aztertzea zein den Orioko EAJren jarduna sarean; betiere, blog honen ikuspegitik, euskararenetik.

@oriokoeajpnv-k 300 txio edo tweet zeuzkan argitaratuta begiratu dudanean: horietatik, gutxi gorabehera, %40 euskaraz eta %60 gaztelaniaz. Ez dut zehatz neurtu Facebook-eko jarduna; baina, itxura batean, esango nuke portzentajeak ez direla asko aldatzen.

Ez dakit portzentaje horiek goitik emandako irizpide bati erantzuten dioten (ezetz esango nuke, @GetariaEAJPNV-k, esate baterako, ia txio guztiak euskaraz egiten ditu-eta); baina, nolanahi ere, ez zait erraza ulertzen zergatik erabiltzen duen Orioko EAJk horrenbeste gaztelania non eta nagusiki gazte-jendea dabilen sarean (sare sozialen erabiltzaile gehienak gazteak dira; eta gazte horiek, Orion, euskaldunak dira guztiak). Adibide eskasa izateaz gain, ez dirudi estrategia komunikatibo egokiena denik mezuen erdia baino gehiago gaztelaniaz egitea publiko ia erabat euskaldun horri.

Orioko gazte gehienak —eta EAJko getariarrak— konturatu dira dagoeneko: gaur eta hemen, euskara da mainstream.

Jabier Zabaleta

Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide