Euskaraz bizi-bizi

Bizi-bizi

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraz bizi-bizi 2013ko mai. 10a, 18:52

Zabaltzen ari da gaia, sozializatzen: Orioko herria euskararen arnasgune da, Aitorren hizkuntza zaharrak arnas hartzen du Ortzaikatik Itsaspera bitartean. Inork behartu gabe hegemonikoa behar duelako, Salamancan Cervantesen hizkuntza den bezala. Herritarrok hizkuntza bera eta elkarrizketan parte hartzen ari direnak behartu gabe darabilgulako, braust. Esparru publikoetan ere, lekua hartzen ari da euskara. Baina oro ez da urre. Zabaltzen ari da gaztelaniaz egiteko joera. Maiatzean egingo dugu kale neurketa, baina belarriak ez du huts egiten. Zabaltzen ari da.

Hori bai, ospatzekoa da, Orion arnas hartzen du hizkuntzak eta herritarren jarrera onari zor diogu. Normalizazioan lan egin duten eragileei ere bai. Bidean laguntzera dator Euskaraz bizi-bizi kanpaina. Herritarron kontzientzian eragin nahi dugu, euskaraz hitz egitea ez baitago beste hiztunek jartzen dizkiguten baldintzengan bakarrik. Gure nahiak, gure hautuak eta euskaraz jardute konszienteak eramango gaitu horretara.

Blog hau bizi-bizi egitasmoaren bozgorailua izango da. Euskarari buruz gogoeta egiteko, proposamenak plazaratzeko, herriko euskaltzaleen arteko iritzi-trukea bultzatzeko… sortu dugu, ‘Euskaraz bizi-bizi’ egitasmoaren barruan. Herri eragileek ere idatzi dezakezue bertan. Orio, euskararen arnasgunea sendotzen lagunduko diguten ekarpen guztiak ongietorriak izango dira. Zuen arkatza, brotxa eta borragoma eskertuko ditugu. Euskaraz bizitzeko, bizi-bizi egitea bezalakorik ez baitago.

Jon Agirresarobe

Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide