Euskaraz bizi-bizi

Euskalgintza aurrera begira jartzeko asmoz emango du hitzaldia Julen Arexolaleibak gaur

Gozategi Argentina Tour 2013 2013ko aza. 7a, 09:53

Salatxo aretoan izango da, 19:00etan hasita.

2013ko udaberrian abiarazitako Euskaraz Bizi-bizi egitasmoak bizi-bizi jarraitzen du Orion. Euskara erabiltzeko nahia –gure hizkuntzaren aldeko jarrera kontzientea, alegia– sendotzeko sortutako proiektuak zenbait ekitaldi antolatu ditu dagoeneko martxotik hona: euskararen erabileraren kale neurketa, Kike Amonarrizen XXI. mendeko oriotar euskaldunak: nola aladtu(ko) diren gauzak, kamarada! hitzaldia, Zergatik ez? tailerra, euskalzaleen topagunea...

Bada, beste hitzaldi bat dakarkigu orain Bizi-bizi ekintza-planak: Euskalgintza aurrera begira gaia hartuta, gaur egungo euskararen egoera dela-eta euskaldunek nola jokatu behar duten, zein den hartu behar duten bidea, zein dituzten lehentasun bezalako galderei erantzuten saiatuko da Julen Arexolaleiba. Aurreko saioen moduan, Salatxo aretoan izango da hitzaldia, 19:00etan hasita.

Julen Arexolaleiba

Soziolinguistikan aditua da Julen Arexolaleiba arrasatearra. Euskal filologia adarreko irakaskuntza ikasketekin hasita, hizkuntzen psikopedagogian lizentziatu zen gero. Eskarmentu luzea du euskalgintzan; besteak beste, Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteko lehen liberatua, EMUN kooperatibaren sortzaile eta lehen presidentea, Adorez eta Atseginez mintegiaren zuzendaria izan zen. Eta horiez gain, euskalgintzako ezin konta ahala saltsatan sartua egon da eta dago.

Arexolabeitia gertuagotik ezagutu nahi duenarentzat, Huhezik Fakultateak eta Arteola Egitasmoak 2007-2008 ikasturtean sortutako Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluaren baitan jasotako hitzak dituzue hemen. Koordinatzaile lanetan aritu zen Arexolaleiba edizio batean baino gehiagotan.

Euskal Estatuari bidea zabaltzen lelopean, 2013ko apirilaren 13an, Eibarko Markeskua Jauregian emandako hitzaldia ere ikusgai eta entzungai dago. Ikasketa Sindikaletarako Fundazio Iparhegoak eta Udako Euskal Unibertsitateak elkarlanean antolatu zuten mintegia.

 

Bizi-bizi-ren balorazioa

Gustura daude Orioko Udaleko Euskara Batzordeko kideak Bizi-bizi egitasmoa izaten ari den erantzun onarekin. Orain arte antolatutako ekintzek harrera ona izan dutela eta aurrerantzean ere bide horretatik jarraitzea espero dute. Jabier Zabaleta Orioko Udaleko euskara teknikariaren hitzetan bereziki pozik daude bideoa grabatzeko deiak jasotako erantzunarekin: Jende asko animatu zen parte hartzera eta oso kontu interesgarriak esan zituzten.

Aurrera begira jarrita, San Nikolas jaietan festibal bat antolatuko du Euskara Batzordeak Bizi-bizi egitasmoaren abitan: abenduaren 7an izango da hori etabertan  aurkeztuko dute bideo berria. Kataluniatik ere etorriko da jendea festibal horretan parte hartzera: musikariak eta Plataforma per la llenguako lagun bat, besteak beste.

Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide