Euskaraz bizi-bizi

Oriyotar peto-petoa

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraz bizi-bizi 2014ko api. 25a, 10:20

Herriko ondare linguistikoa errekuperatzeko ahalegina egin nahi izan du Olatz Zugastik, 'Erria txikota!' kantaren hitzekin.

“Herriko hizkera berrartu eta galtzen ari garen hizkuntza ondareari erreferentzia eginez osatu da leloa. Lekuarekin edo ingurunearekin daukagun harremana galtzen ari garen heinean, zenbait esamolde eta hitz desagertzen ari dira. Hizkuntza ondareari heldu nahi diogu, eta garai bateko hizkera errekuperatzeko borondatearekin aukeratu dugu leloa. Galdu diren edo galtzear dauden ohitura/tradizio/bizimoduarekin batera (Orio herri arrantzalea izan da betidanik; gaur egun, ordea, baxurako 6 ontzi baino ez daude herrian), herriko hizkeran ere badira galtzear dauden hainbat esaera, esamolde edo hitz. Belaunaldi berriengana ondare linguistiko hori helarazteko ahalegina egin nahi dugu: transmisioa. Izan ere, herriko gazteek esamoldea ezagutu badezakete ere (entzutez), benetako esanahia ez dute ezagutzen gehienek”.

Halaxe arrazoitu genuen Kilometroak 2014 jaiaren ERRIA TXIKOTA! leloaren aukeraketa, eta ildo horri helduz landu ditu Olatz Zugastik ERRIA TXIKOTA! abestiarentzat propio sortutako hitzak. Aurkeztu berri dugun ERRIA TXIKOTA! abestiaren letrak badu bereizgarri nabarmena: arrantza munduko hizketa bizi-bizi eta “oriyotar peto-petoa”, bete-betean bat egiten duena ondare linguistikoa errekuperatu eta belaunaldi berriei transmititzeko jaiaren helburuarekin. Arrantza giroko hizketaldiak jaso ditugu; bereziki, saregileen hizketak marinelen joan-etorriei buruz: oriyotar hizketa-era tradizional bat. Olatz Zugastik herriko hiru saregile ohiekin landu du hitzetan islatzen den hizkera.

Ea denon artean lortzen dugun herriko helduenek hitzetik hortzera darabilten euskara aberats hori belaunaldi berriengana helaraztea. Zabaldu ditzagun belarriak eta astindu mingainak euskaraz, hizkera oriyotar peto-petoan… Erria txikota!, mutilloya, joskura, tarrata… Bada hamaika esaera eta hitz ahazturan… Gustura jasoko ditugu zuen ekarpenak kilometroak14@ikastola.net helbidean.

ERRIA TXIKOTA!

Saria hausiya zekarkiñe

marian sartuko omen ditun

eokieran, bi mila baixkiñe,

beatzik alden palota abitu.

 

Etzion guk konpondu ezinik

Baño lanai gor ekiñ aurretik

Saria zabaldu ertza danetik

Eztiñau ber joskura okerrik

 

MUTILLOYAN AMARRATUTA

ZENBAT LEZAKE KONTA…

AITU, MUXU BOTA

ABITZEA GUAZTIK, ERRIA TXIKOTA!!

 

Arrai tokin aberi zikiña

Hogei brazan tarrata garbiya…

 

MUTILLOYAN AMARRATUTA

ZENBAT LEZAKE KONTA…

AITU, MUXU BOTA

ABITZEA GUAZTIK, ERRIA TXIKOTA!!

 

Hitzak: Olatz Zugasti

http://www.kilometroak.net/abestia

Joseba Orella, Kilometroak 14ko koordinatzailea

 

 

Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide