Euskaraz bizi-bizi

XXI. mendeko oriotar euskaldunak: nola aldatu(ko) diren gauzak, kamarada!

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraz bizi-bizi 2013ko urr. 4a, 21:10

Urriaren 3an, Orioko Udalak antolatuta, Kike Amonarrizek hitzaldia eman zuen Salatxo aretoan goiko izenburu horrekin: ‘XXI. mendeko oriotar euskaldunak: nola aldatu(ko) diren gauzak, kamarada’.

null

Azaltzerik izan ez zutenentzat, hitzaldiaren laburpen txiki bat egin dut, blogean publikatzeko, merezi du-eta Kikeren ikuspegi baikorra zabaltzea.

Hona hemen, ba, laburpen hori (esan beharrik ez dago gauza asko laga ditudala kanpoan, ia bi orduko solasaldia izan zen-eta; nolanahi ere, zati bat grabatuta dago bideoan eta Karkarak sareratuko du, prest daukanean):

Aldaketa garaia

Beste hainbat esparrutan bezala, nabaria da aldaketa garaia bizi dugula euskararen alorrean ere. ‘Euskalgintza’ deitzen dugun hori sortu eta 30-40 urtetara, agerikoa da garai bateko diskurtsoak egokitu egin behar ditugula eta, diskurtsoarekin batera, baita zenbait praktika eta joera ere. Nahiko adostasun dago horretan euskalgintzako eragileen artean (blog honetan bertan ere aritu da horretaz Rikardo Uzkudun: http://www.karkara.com/blogak/euskaraz-bizi-bizi/archive/2013/08/12/kontzientziazioa-dela-eta)

Euskaldun komunitatearen tamaina

Munduan 7.000 inguru hizkuntza daude. Batzuk, gutxi, ehunka milioi hiztun dauzkatenak; beste batzuk, berriz, hiztun gutxi-gutxikoak. Hiztun-kopuruari dagokionez, euskara zer da: hizkuntza txikia ala handia? Beste 7.000 hizkuntza horiekin konparatuta, non dago euskara?

0tik 10era bitarteko eskala batean jartzen baditugu munduko hizkuntza guztiak, hiztun-kopuruaren arabera sailkatuta, zer puntuazio izango luke euskarak? Kikek dio, galdera hori egin duen toki guztietan erantzuna izaten dela euskara oso baxu dagoela eskala horretan: 2 puntu, 3… eta jendea oso harrituta geratzen dela jakiten duenean benetako erantzuna 9 dela. Alegia, euskara, hiztun-kopuruaren aldetik, munduko hizkuntza ‘handietako’ bat dela eta, beste hizkuntza guztietatik hamarretik bederatzi gureak baino hiztun gutxiago dauzkatela.

Munduko hizkuntzen panoramari begiratuta, hiru multzo egin ditzakegu:

  • Nazioarteko hizkuntza handiak (munduan barrena milioika hiztun dituztenak): ingelesa, txinera, gaztelania, arabiera, frantsesa, alemana, portugesa…
  • Estatu hizkuntzak (estatu baten babesa duten hizkuntza normalizatuak; batzuk handiagoak, beste batzuk txikiagoak): italiera, nederlandera, poloniera, esloveniera, turkiera, swahilia…
  • Hizkuntza ez-normalizatuak: gainerako guztiak, multzo handi-handi bat.

Euskara azken multzo horretan dago eta inportantea da jakitea, multzo horretakoen artean, tropel-burukoa dela, katalanarekin batera (katalanarena, nolanahi ere, kasu berezia da, bigarren multzoko ezaugarri asko ditu-eta). Normalizatu gabeko hizkuntzen artean ez dago munduan euskararen mailan dagoen beste hizkuntzarik, bizitasun etnolinguistikoari dagokionez.

Horrek, beraz, gure ikuspegia aldatzea eskatzen du; gutxienez, bi zentzu hauetan:

  • Ez gara hain txikiak eta ez gaude hain gaizki. Beraz, ez dezagun gure burua horrenbeste zigortu eta zabal dezagun ongi egin dugunaren poza.
  • Erreferentea gara normalizatzeko bidean dauden hizkuntzetako hiztunentzat. Horrek ere poza eman behar liguke, batetik, egindakoaren aitorpena delako; baina, bestetik, erantzukizuna ere eransten digu, munduko toki askotatik guri begira daude-eta.

Euskararen iraupena

Euskararen galeraz hitz egiten dugu maiz eta mapak marrazten ditugu, euskararen lurraldeak zenbaterainoko atzerakada izan duen erakusteko. Ikuspegi horri buelta eman behar diogu eta konturatu harrigarria ez dela euskara galdu izana hainbat tokitan, baizik-eta horrenbeste denboran bizirik iraun izana dena kontra zeukanean.
Iraupen horren klabeak dira aztertu beharko genituzkeenak. Bi aipatu zituen Kikek:

  • Egoera aldakorretara egokitzeko euskarak erakutsi duen ahalmena.
  • Hizkuntzarekin kezkatutako jende prestua 'beti' izan du euskarak. Kezka hori ez da oraingoa eta erro sakonak ditu gure historian.

Egoera nola aldatu den

Gaur egungo munduak ez dauka zerikusirik gure aiton-amonen munduarekin eta, beraz, haien euskarak ez digu, bere horretan, balio. Gaur egun normala da haurrek gutxienez hiru hizkuntza ikastea, maila batean edo bestean; eta, bestalde, oso normala da, internet bidez, mundu osoko lagunekin jardutea hainbat hizkuntzatan, edota telebista ikustea aukerako hizkuntzan.

Bestalde, teknologia berriek erabat aldatu dute komunikazioaren paradigma: whatsapp, skype, SMSak… gustatu ala ez, hori da gure jokaleku berria, eta esan behar da euskara nahiko ondo kokatuta dagoela jokaleku berri horren erronkei aurre egiteko (ikusi, esaterako, indigenoustweets.com).

Soinean daramatzagun motxilak: 'Euskañola', euskara 'jatorra'...

Kezka handia somatzen da bazterretan euskararen kalitatea dela-eta. Askok uste dute 'euskañol' gero eta gehiago entzuten dela eta gure aiton-amonen euskara ederra galtzen ari dela. Hizkuntzaren kalitatearen gaiari garrantzirik kendu gabe, ordea, konturatu behar dugu, askotan, 'euskañolaren' kontra egiten dugunean, ondorioa ez dela 'euskañola' egiten zuenak euskara hobea egitea, baizik-eta, akonplejatuta, gaztelaniara pasatzea. Hori, bistan da, ebitatu egin behar dugu.

Horrek ez du esan nahi, euskararen erabileraren izenean, edozein aldrebeskeria ontzat eman behar denik; baina bai oso kontuz ibili behar dugula zuzenketak egiten ditugunean, saiatzen ari direnak eta zailtasunak dituztenak ez desanimatzeko.

Alternatiba gaztelaniaz egitea bada, 'euskañola' eta euskara traketsa aurrerapausoak dira.

Soinean daramatzagun motxilak: ezin poztu!

Kikek Orioko gazteen adibidea jarri zuen, hau azaltzeko: 1989an, Orion euskararen erabileraren lehen neurketa egin zenean, gazteen arteko erabilera %31koa zen. Gaur egun, ordea, % 88,5ekoa da, haurren erabileraren pare. Aldaketa hori izugarria da eta oso pozik egon behar genuke oriotarrok, bereziki gazteek, hori lortu dugulako.

Asko kostatzen zaigu, ordea, gure lorpenengatik poztea. Eta, itxaferoka hasi gabe, badugu harrotu eta pozteko motiborik ere.

Zergatik, bestela, daude guri begira hizkuntza minorizatuetako horrenbeste eta horrenbeste lagun?

Jabier Zabaleta

 

Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide