Euskaraz bizi-bizi

Euskararekin gozatuz, elkarrekin

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraz bizi-bizi 2014ko mar. 18a, 12:39

Martxoaren 14a, ostirala. Kultur Etxean antzezlana ikustera animatu naiz. Asteburuari hasiera bikaina emateko moduan naiz. Areto nagusia jendez lepo.

Ta oain ze? Horixe obraren izena eta horixe bertaratuta gaudenon galdera aurpegietan.

Aretoa era berezian antolatuta dago, denok bil-bil eginda. Aretoan gaudenon aurpegiak erraz ikusteko moduan. Oriotarrak gehienak, desberdinak denak… Adin, genero, hizkuntza…

Hizkuntza? Obra euskaraz da eta!

Euskaraz, eta ze nolako euskara! Freskoa, bizia… nire belarrietarako gozamena!

Denok ulertuko ote dugu esaten ari direna? Eta zergatik ez, ba?

Orduan, gogoratu naiz Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntzalariari orain dela gutxi entzundakoaz: hizkuntzak ezagutzeak, beste kulturak ezagutzeak… mundua ulertzeko beste modu batzuk eskaintzen dizkigu. Horrek ez du esan nahi hizkuntza guztiak maila berean ezagutu behar ditugunik. Batzuetan, nahikoa zaigu hizkuntza horiek ulertu ahal izatearekin, nahiz eta, hitz egiterakoan, zailtasunak izan.

Antzerkira bueltatuz, poz ederra hartu dut  ikusleen artean euskararen gaia nik ez bezalako modu batean bizi duten ikusleak bertan topatuta! Euskarak euskaldun guztiak behar ditu eta denok  gure hizkuntza honetan gozatzeko aukerak behar ditugu.

Beraz, zorionak 'Euskaraz bizi-bizi' ekimena aurrera daramazuenoi! Horixe sentitu baitut: hizkuntza bera bizi-bizi erabil daitekeela eta, nahiz eta maila desberdinak izan, denok bizi dugula gure hizkuntza eta denok gozatu dezakegula elkarrekin; euskaraz, noski!

Ainhoa Zumeta

Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide