Euskaraz bizi-bizi

Aktibistak behar ditugu

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraz bizi-bizi 2013ko eka. 20a, 23:10

Gaur egun, euskaraz bizi nahi duenak aukera ugari ditu Orion bere bizimoduaren parte handiena euskaraz egiteko, aparteko arazo handirik gabe; baditugu euskarazko hezkuntza, euskarazko komunikabideak, administrazio (neurri handi batean) euskalduna, euskara ikasteko erraztasunak…

Gaur egun, euskaraz bizi nahi duenak aukera ugari ditu Orion bere bizimoduaren parte handiena euskaraz egiteko, aparteko arazo handirik gabe; baditugu euskarazko hezkuntza, euskarazko komunikabideak, administrazio (neurri handi batean) euskalduna, euskara ikasteko erraztasunak…

Nahi duenak, beraz, badu aukera; baina, hain zuzen ere, nahi izate horrek sortzen dizkigu lanak.

2011ko otsailean Orioko kultur etxean egindako ‘Orio. Euskarazko arnasgunea sendotu’ jardunaldiaren ondorio nagusietako bat hau izan zen: herritarren azken urteotako lanaren bitartez, lortu dugu gure gazteek euskaraz normal samar bizitzea eta beren ohiko bizimodua batez ere euskaraz izatea, beren inguruko ekosistema euskaldunean mugitzen direnean; baina, behin hortik ateraz gero, oso erraz egiten dute gaztelaniara salto, ez dutelako barneratuta euskararen aldeko jarrera kontzientea. Orion bizi daitezke euskaraz jarrera kontziente hori gabe ere; baina, kanpora doazenean (Donostiara, Bilbora, unibertsitatera, lanera…), braust egiten dute hizkuntza-aldaketa, tresna ideologikoak falta zaizkielako euskarari eusteko.

Orioko euskaldun guztiok gaztelaniaz ere badakigu eta, hortaz, aukerakoa dugu hori (ere) erabiltzea gure eguneroko jardunean. Horrez gain, gaztelaniaren presentzia handia da bizi dugun gizarte globalizatuan eta egunero sartzen zaigu etxera (batez ere, telebistaren bidez; baina, gero eta gehiago, baita bestelako euskarrien bidez ere: interneta, sare sozialak…). Neurri batean, gaztelania ere normaldu egin zaigu, etxekotu. Baita gurea bezalako herri txiki euskaldun hauetan ere. Horren ondorio da aurten ikusi ahal izan duguna, maiatzean egindako euskararen kale neurketan: Orioko pertsona helduen arteko elkarrizketen ia erdiak gaztelaniaz egiten dira gure kaleetan.

Euskaldunak euskaldunari gaztelaniaz egitea normal ikusten dugu dagoeneko.

Euskararen erabilera suspertu nahi dugunok motibazioan eta euskaldunen arteko ohituretan eragin behar dugu eta, horretarako, euskara erabili NAHI duten herritarrak behar ditugu, ahal den guztietan euskaraz egiteko jarrera kontziente eta proaktiboa izango dutenak; alegia: euskararen aktibistak behar ditugu.

Euskararen aktibista ez da, inolaz ere, kalean beti kopeta belztuta, haserre, dabilen euskalduna; euskararen aktibista euskaraz bizitzeko aukera kontzientea egin duen pertsona baizik ez da, ahal duen guztietan eta ahal duen guztiekin euskaraz egiten duena, normal, natural eta bizi-pozez.

Euskararen aktibista batek sekulako eragina dauka bere inguruan. Eta aktibista dozena pare bat juntatu eta bizi-bizi koordinatuz gero… badaezpadako iraulia emango diogu euskararen egoerari herrian!

Jabier Zabaleta

Erlazionatuak

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide