Hemendik aurrera, Pelloren hitzak, laburtuta eta nire erara jasota:
Kontzientzia linguistikoa hedatzea, ezinezko helburua
Kontzientzia linguistikoa, gizarte batean, oso jende gutxik dauka; eta daukan jende horrek ere, oso dosi txikitan. Hori da errealitatea, eta hala da, Carod-Rovirak esango lukeen bezala, 'hemen eta Txina Popularrean' :-)
Ez da posible hizkuntzarekiko kontzientzia herritar guztiengana zabaltzea. Horretara indar guztiak jarrita ere, ez ditugu herritarrak euskararen militante bihurtuko. Hori ez da gertatzen inon, eta ez da gertatuko.
Beharrezkoa da, bai, nukleo bat, egoera aldatzeko gogoa daukan jende multzo bat, bultzatzailea, urratzailea; baina jakin behar dugu nukleo hori, beti, talde txiki bat izango dela.
Hortik aurrera, behin hori onartuta, beste bide batzuk erabili beharko ditugu euskararen erabilera zabaldu nahi dugunok, eta bide berri horien gakoak lau dira:
-
Aldaketa bultzatu nahi duen nukleo urratzailea behar da
-
Jende arruntak inguru sozialaren arabera jokatuko du
-
Interbentziorako, neurri soziologiko adostuak planteatu behar dira
-
Babes soziala ezinbestekoa da
Nukleo urratzailea
Azkenean, Pellok onartu zuen euskararekin kontzientziatutako lagun multzo bat izatea beharrezkoa dela (lasaitasunezko hasperena egin genuen antolatzaileok :-) eta multzo horrek gidatu behar duela aldaketa-prozesua. Jende gutxi izango da; baina inportanteak dira hizkuntzarentzat, hizkuntza inportantea delako berentzat. Nukleo hori sozialki prestigiatu behar da, ezinbestekoak direlako aktibatzeko jende 'arrunta'.
Oso zaila da kontzientzia linguistikoa arrazoiaren bidez sortzen. Hitzetatik eta arrazoitik ez da sortzen kontzientzia linguistikorik. Emozioetatik sortzen da: maitasunagatik sortzen zaie batzuei, hizkuntzarekiko erlazio afektibo indartsu bat garatzen dutelako; amorruagatik beste batzuei, euskaraz egiteko zailtasunekin haserretu egiten direlako; inpotentziagatik ere bai…
Frankismoak, alde horretatik, asko 'lagundu' zuen kontzientzia linguistikoa sortzen. Dena debekua zen garaian emozio indartsuak aktibatu ziren eta jende askori debekuek sortutako amorru horrek gasolina eman dio urte luzetan euskararen aldeko ekinean aritzeko. Gaur egun, ordea, gasolina hori bukatzen ari da eta jende gaztea, esaterako, garai haiek ezagutu ez dituena, ez da mugitzen parametro berdinetan: ez du sentitzen euskara arriskuan dagoenik, ez du horren kontzientziarik eta, ondorioz, euskaraz egiten du, edo ez, momentuko baldintzen arabera.
Baldintza horiek dira aztertu behar direnak, eta euskararen erabileraren alde jarri behar direnak.
Jende arrunta
Jendea, normalean egokitu egiten da bere ingurura. Hori da gehien-gehienok egiten duguna, joera naturala.
Gaztelaniaz eta euskaraz, bietara baldin badakigu, inguruaren arabera arituko gara hizkuntza batean ala bestean: gure inguruan denek gaztelaniaz egiten badute, guk ere hala egingo dugu; denek euskaraz egiten badute, guk ere berdin.
Elkarrizketa asimetrikoak (batek hizkuntza batean, besteak bestean) oso arraroak dira. Ez dira naturalak eta, hortaz, ez dira ia inoiz gertatzen; hain zuzen ere, egokitzeko joera dugulako: ikusten badugu pertsona batek euskaraz egiteko zailtasunak dituela, gehienetan, euskaldunok aldatu egingo dugu hizkuntza eta erdaraz egingo diogu, berdinetik berdinera egiteko. Egokitu egiten gara, eta euskara ateratzen da hor galtzaile.
Baina kontua da jende guztiak daukagun egokitzeko joera natural hori euskararen aldekoa ere izan daitekeela: euskaraz egiteko zailtasunak dituen pertsona horren aurrean nik euskarari eusten badiot, hizkuntza aldatu gabe, egokitzeko joera natural horrengatik, bera izango da euskaraz hasiko dena.
Jende 'arruntaren' egokitzeko joera naturala gure alde erabiltzen ikasi behar dugu euskaldunok; mekanismoak asmatu behar ditugu horretarako.
Neurri soziologiko adostuak
Nola erabili guztiok daukagun egokitzeko joera hori euskararen alde? Nola erabili hizkuntza portaerak aldatzeko? Galdera horri erantzuteko, hainbat esperientzia bideratu ditu Pello Jauregik, euskalgintzako beste eragile batzuekin elkar lanean, eta emaitzak oso interesgarriak dira (abenduan argitaratuko omen ditu; zain gaude dagoeneko). Esperientzia horiek erakusten dute, tresna metodologiko egokiak erabilita, posible dela hizkuntza portaeran aldaketa nabarmenak eragitea.
Funtsean, esperientzia horietan erabili den metodologia hau da:
-
Talde natural batean (izan daiteke lantegi bat, koadrila bat, kirol elkarte bat…) planteatzen da ea taldea prest dagoen euskararen erabilera zabaltzeko proiektu batean parte hartzeko, epe mugatu batean (esan dezagun, bi hilabete). Baldintza ezinbestekoa da taldeko guztiek ulertu behar dutela euskara, nahiz hitz egiteko zailtasunak izan.
-
Prest badaude, beren artean aukeratzen dituzte 2 edo 3 lagun (taldearen tamainaren arabera, gehiago izan daitezke), bi hilabetez taldeko guztiekin euskara hutsean arituko direnak. Taldeak erabakitzen du, bozketaz, zein izango diren 2-3 lagun horiek.
-
Aukeratutako lagun horiek beti egingo diete euskaraz taldekideei eta taldekideek, berriz, nahi dutena egingo dute: nahi duenak euskaraz erantzungo du, nahi duenak gaztelaniaz… libre.
Garrantzizkoa da, diseinu horretan, taldeko edozein izan daitekeela 'euskaldun hutsaren' papera egingo duena (EUSLE esaten dio pertsona horri Pello Jauregik), ez du zertan 'euskaltzaleena' izan. Pertsona horrek taldearen erabakiaren ondorioz egiten du beti euskaraz; hau da, taldearen babes osoa dauka horrela jokatzeko, taldeak jarri du zeregin horretan, eta, beraz, lasai arraio jardun daiteke, inolako karga pertsonalik hartu gabe. Inportantea da hori. Taldeak jarri du horretara eta horrek legitimitate handia ematen dio, eta karga arindu.
Metodologia horren bidez, funtsean, egin duguna hau da: hizkuntza-arau bat sortu dugu eta horri babes soziala eman diogu, gatazkak ebitatzeko.
Hortik aurrera, beti gertatzen dena gertatuko da: taldekideak egoera berrira egokituko dira. Pertsona bat edo talde bat euskaraz funtzionatzen hasten bada, inguruko jendea horretara egokituko da. Alegia, ez dira pasako euskaraz egitera bat-batean sekulako motibazioa sortu zaielako, baizik-eta, modu naturalean, egoera normala hori bihurtu delako. Inguru horretan euskaraz egiten bada, berak egokitu egingo dira. Beste(ar)en erabilera izango dute akuilu.
Babes-mintza
Esperientzia horien berezitasun behinena da taldearen babes soziala hasieratik bermatzen zaiola euskaraz egingo duenari. Gatazkarik ez da sortzen, taldeak berak erabaki duelako esperientzia abian jartzea eta pertsona hori lan horretan jartzea.
Onarpen eta babes horrek potentzialitate handia ematen dio metodologia horri. Gizakia animalia soziala da eta, lasai eta eroso jarduteko, nahitaezkoa du inguruko gizartearen babesa sentitzea. Ez gaude prest etengabe gatazkan eta babesgabe aritzeko. Babes-mintza hori sentitu behar dugu.
Euskaraz bizi nahi dugunok babes-mintza horiek sortu behar ditugu.