Asteburu honetan ere bi bandera ekarri dituzte etxera Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoek. Maila ezin hobea erakutsi dute Pasaian (Gipuzkoa), baita Getarian ere, nagusitasunezi irabazi baitituzte herri horietan jokatutako estropadak. Herritarrak, jada ohituta igandeetako arraun festara, kalera atera ziren atzo iluntzean txapeldunak zoriontzera. Orioko Txarangaren doinuak ere ez ziren falta izan, eta beste behin, herri oso baten babesa jaso zuten etxeko txapeldunek.
Datorren asteburuan Zarautzen izango dira Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak. Bi eguneko hitzordua da, gainera, Zarauzkoa, eta Euskotren ligari dagokionez, orduan amaituko dute aurtengo denboraldia.
(Argazkiak: Joxemari Olasagasti eta Bittor Andres)