Hamaikagarrena ere etxera

Juan Luis Romatet 2026ko abuztuaren 15a

Orioko gizonen trainerua, duela astebete Hondarribian. (Aitor Arrizabalaga/TKE)

Orioko San Nikolas traineruak ez du aurkaririk denboraldi honetan, eta gaurkoan, Pasaian, Eusko Label ligako aurtengo denboraldiko hamaikagarren bandera irabazi du. Emakumeek ere lan ona egin dute, eta hirugarren egin dute Pasaiako uretan.

Pasaian jokatu dituzte gaur Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak. Biak ere erlojupekoak izan dira, eta badiatik abiatuta, portuko bokalerantz egin dute ontziek, berriro badiara itzultzeko. 

Erlojupekoa izanda ere, hiru txandatan banatuta aritu dira lanean Eusko Label ligako trainerua. Denboraldi osoan nagusitasun handia erakutsi duen Orioko trainerua azkena izan da ateratzen, eta besteek aurretik egindako lanaren, patroiek hartutako norabidearen, eta haiek egindako denboren jakitun izan dira oriotarrak. Badiatik aterata, itsaso mugituarekin egin dute topo ontziek, eta hor patroiek beraien abilezia erakutsi behar izan dute. 

Estu egon dira kontuak lehen luzean, eta Orio azkarrena izan bada ere, bi segundoko aldea besterik ez da izan horien eta Zierbenaren artean. Bueltako luzea, popareko, ikusteko modukoa izan da, eta badiara sartu aurretik berdintasun handia izan da ontzien artean. Egoera horretan, oriotarrek ez dituzte nerbioak galdu, eta buruan jarraitu du. Badian sartu aurretik, gainera, olatu pare bat harrapatu ditu, eta aldea zabaldu du Gorka Aranberriren mutil taldeak. Azkenean, 8 segundo atera dizkio Zierbenari, 15 Bermeori eta 20 Getaria, era horretan denboraldiko hamaikagarren bandera astintzeko eskubidea irabaziz.

Emakumeen lan ona

Pozik egoteko estropada egin dute Orioko emakumeek gaur Pasaiako uretan. Adinberri bandera zuten jokoan, eta ondoren gizonekin gertatuko zen bezala, Euskotren ligako estropada ere erlojupekoa izan da, eta traineruak bi txandatan aritu dira. Sailkapen orokorrean zuen emaitzari esker, ohorezko txandan aritu da gaur Xanti Zabaletak gidatutako taldea. Liga osoan gertatu den bezala, Donostia Arraun Lagunak izan da gaur ere dominatzaile, eta Tolosaldea izan da bigarren. Hirugarren posturako lehian izan dira lehen txandan aritu den Hibaika eta Orio, eta gaur horiak izan dira beltzak baino azkarrago.

Sailkapen orokorrean laugarren postuan jarraitzen du Orio, baina Astillero atzean utzi du –gaurko estropara arte puntutan berdinduta zeuden–, eta gaur pattal aritu den San Juan lau puntura jarri zaio. 

Eusko Label eta Euskotren ligako traineruek bihar itzango dute hurrengo hitzordua, Getarian. 11:25ean izango dute emakumeek lana, eta haren amaieran gizonek.

Gizonezkoen Orioko B taldeak ere estropada izan du gaur. KAE1 ligako estropada jokatu dute Castron, eta 11. postuan amaitu du lana Oriok. Datorren astean izango dute hurrengo hitzordua, larunbatean, Zarautzen.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide