Denboraldiko hamaikagarren banderari hamabigarrena gehitu dio gaur Orioko San Nikolas traineruak. Atzo Pasai Donibanen jokatutako erlojupeko estropada irabazi zuten Iker Zabalak prestatutako mutilek eta gaur, Getarian lehiatutako lineako estropadan ere nagusi izan dira horiak.
Denboraldian zehar askotan gertatu bezala, hasieratik hartu du burua Orioko traineruak, eta lehen postuan eman du ziaboga. Gaurko aurkaria, baina, ez zegoen bere txandan, ohorezkoan; bigarren txandan aritu den Hondarribiak egin du eguneko bigarren denbora onena, eta amaieran bi traineruen artean zortzi segundoko aldea izan da. Txandan bigarren Zierbena izan da, eta etxeko taldea, Getariako Esperantza hirugarren.
Eusko Label ligako sailkapenean bi puntutan handitu du aldea Oriok bigarren den Zierbenarekiko: 169 puntu ditu gaur gaurkoz Oriok eta 143 Zierbenak. Atzetik dira Bermeo eta Getaria.
Emakumeak hirugarren
Euskotren ligako estropada izan da lehena jokatzen, eta Oriok behetik gora datorrela erakutsi du gaur ere. Atzo bezala, gaur ere hirugarren egin dute Xanti Zabaletak entrenatutako emakumeek. Ohorezko txandan aritu da gaur ere Orio, eta ondo eutsi dio denboraldiko dominatzaile izan den Donostia Arraun Lagunaki. Hala, eguneko sailkapenean zazpi segundo besterik ez dira izan donostiarren eta oriotarren artean; tartean, hori bai, Tolosaldea kokatu da gaurkoan.
Sailkapen orokorrean laugarren jarraitzen du, baina San Juan hiru puntura du. Azken bost estropadetan pasaitarren aurretik sailkatu dira oriotarrak, eta hirugarren postua eskuratzea posibilitatea bihurtu da.
Datorren asteburuan Zarautzen izango dira Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak. Bi eguneko hitzordua da, gainera, Zarauzkoa, eta Euskotren ligari dagokionez, haiekin amaituko dute aurtengo liga. Hona hemen goizak emandako argazki batzuk. (Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea eta Juan Luis Romatet)