Traineru Kluben Elkarteak (TKE) ohar bidez jakinarazi duenez, Diziplinako Epaile Bakarrak gaur bertan eman du jakitera uztailaren 25ean Donostian jokatzekoa zen X. Fabrika banderari dagokion ezohiko espedientearen ebazpena. Hain zuzen ere, epaileak 2.000 euroko zigor ekonomikoa ezarri die Orio, Zumaia, Astillero, Arraun Lagunak, Hibaika eta Tolosaldea klubei.
Ebazpen horren arrazoia "arau hauste larria" egitea dela azpimarratu du epaileak, TKEren Diziplina Arautegiko 14. f) artikuluan jasotzen denez. Zehazki, artikulu horrek berariaz zigortzen ditu "elkartearen eta haren zuzendaritza organoen irudiari edo interesei kalte egiten dieten ekintzak zein adierazpen publikoak egitea".
Testuinguru gisa, haize boladengatik eta itsasoaren egoeragatik, arraunlarien segurtasuna jokoan zegoela eta, emakumezkoen Fabrika bandera ez jokatzea erabaki zuten Euskotren ligako traineruetako entrenatzaileek. Erabakia ez zen TKEko batzorde teknikoaren gogokoa izan, eta, entrenatzaileen iritziari muzin eginez, estropada jokatzearen alde agertu zen. Ordurako, ordea, Donostiako estropada eremura bertaratutako zortzi klubetatik seik utzita zuten arrapala; San Juan eta Donostiarra izan ziren uretaratzen bakarrak. Egoera horren aurrean, estropada bertan behera uztea erabaki zuen batzorde teknikoak. Hurrengo egunetan, baina, sei klub haiei zigor espedientea zabaldu zien TKEk.
Hori horrela izanda, igorritako ebazpenak amaiera ematen dio diziplina bideari; beraz, klubek hiru lan-eguneko epea izango dute, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, TKEko Arbitroaren aurrean errekurtsoa jarri ahal izateko.