Zalapartatsua suertatu zen uztailaren 25ean Donostian lehiatzekoa zen Fabrika bandera. Haize boladengatik eta itsasoaren egoeragatik, arraunlarien segurtasuna jokoan zegoela eta, emakumezkoen bandera ez jokatzea erabaki zuten Euskotren ligako traineruetako entrenatzaileek, arratsaldean bertan Donostiako arrapalan egin zuten bileran.
Erabakia ez zen Traineru Kluben Elkarteko (TKE) batzorde teknikoaren gogokoa izan, eta, entrenatzaileen iritziari muzin eginez, estropada jokatzearen alde agertu zen, erlojupeko formatuan izanda ere. Ordurako, ordea, Donostiako estropada eremura bertaratutako zortzi klubetatik seik utzita zuten arrapala, eta bi bakarrik uretaratu ziren: San Juan eta Donostiarra. Horren aurrean, eta arratsaldea aurrera zihoala ikusita, estropada bertan behera uztea erabaki zuen batzorde teknikoak.
Hurrengo egunetan, baina, sei klub haiei, Arraun Lagunak, Orio, Tolosaldea, Hibaika, Zumaia eta Astillerori, zigor espedientea zabaldu zien TKEk. Txostenak eta egunean bertan gertatu zena aztertu eta gero, aipatu klub bakoitzari 2.000 euroko zigorra ezartzea proposatu du TKEko epaileak, "estropadara agertu ez izanagatik". Zigor proposamena iragarri ondoren, espedientea zabaldu zien klubei helegiteak aurkeztuko bost eguneko epea ere zabaldu die.