Kontxako 131. Banderaren bigarren eta azken jardunaldia jokatuko dute bihar, igandea, Donostiako uretan. Zirrara eta lehia bizia espero dira biharko hitzordurako, bereziki, gizonen estropadan; izan ere, denbora tarte estua dago joan den astean denborarik onena egin zuen Orioren eta bigarren sailkatu zen Donostiarraren artean.
San Nikolas traineruak hiru segundo eta hamar ehuneneko abantailari eutsi beharko dio bihar Kontxako 34. bandera irabazteko. San Nikolas ontziak 19.51,60 denbora egin zuen joan den igandeko estropadan; hiru segundo geroago iritsi zen Donostiarra (19:54,70). Bi arraun talde horiek Zierbenarekin eta Hondarribiarekin batera arituko dira biharko ohorezko txandan.
Aurreko astean egindako lana errepikatzea aski izango du Oriok bere historiako 34. Kontxako Bandera lortzeko. San Nikolas ontziko kide Jon Lizarralde arraunlariak esan du haientzat Zierbena eta Urdaibai zirela bandera lortzeko aurkari zuzenenak, eta horiek lehen asteburuan urruntzea "positibotzat" jo du hark. Dena den, "ezustekoa" Donostiarrak eman zien Oriokoei. "Lehen sailkatuak gara, abantaila dugu, baina Donostiarrarekin dugun tartea oso txikia da. Abantaila gure aldekoa da, eta beti da hobea hala izatea, aldea irauli beharra izatea baino", esan du Lizarraldek.
Bihar, joan den igandeko baldintza berdinak espero dituzte itsasoan, baina Orion ez daude iragarpenei begira jarrita. "Tokatzen zaizkigun baldintzak tokatzen zaizkigula, berdin zaigu; oro har, ondo moldatzen gara baldintza dena dela ere. Halere, konforme gaude printzipioz iragarrita duten itsasoarekin". Lizarraldek dio bandera lortzeko gakoa badiatik itsasorako trantsizioan egongo dela, eta puntu horretan jarriko dute bihar fokua. "Uhartetik itsaso zabalera ateratzen hasten garen momentuan, bi minutu nahiko gogorrak izaten dira. Eremu horretan arraunketa on bat egiteko gai den traineruak inertzia ona hartzen du gainerako sei minutuetarako".
Txanda irabaztera
Emakumeen estropadan, bestalde, Orioko traineruak joan den asteko aho zapore gazia gozatzea izango du xede, sailkapeneko zortzigarrena, azkena, izan baitzen taldea. Bandera lortzeko kinieletatik urrun, lehen txandan egingo du arraun Orioko taldeak. Arraun Lagunakek irabazi zuen lehen estropada 10.49,68 denbora eginda. Orio hemezortzi segundo eskasera dago, 11.18,46 denboran egin zuen eta joan den asteko lana. Lehen txandan arituko da Orio, Zarautzekin, Hibaikarekin eta Donostiarrarekin batera.
Orioko emakumeak, bestalde, "triste" itzuli ziren igandean Donostiatik; hala aitortu du Itziar Olasagasti arraunlariak. "Oro har, estropada ona egin genuen, baina azken bi minutuetan aurkariek alde egin ziguten. Hala, inork nahi ez zuen zortzigarren postuan amaitu genuen". Olasagastik joan den asteko estropadaren errepasoa egin du, eta azaldu du badian "kostatu" egin zitzaiola taldeari beste aurkariek ezarritako erritmoari eustea, baina uhartea pasatutakoan, haiengana hurbiltzea lortu zutela.
Aurreko igandean non huts egin zuten "identifikatu" dute Oriokoek, eta estropada berri bati ekiteko "prest" dira. "Igandekoa ahaztu eta estropada berri bati ekitea da gure asmoa; ea behintzat txanda irabazteko gai garen, ahal den talde gehienei aurrea hartuz. Azken finean, azkenengo sailkatuok segundo gutxiko tartea dugu, eta zapore gozoago batekin amaitzeko aukera emango liguke".