Kontxako Banderako lehen jardunaldia jokatu dute gaur goizean Donostian, eta sentipen gazi-gozoak utzi ditu Orio Arraunketa Elkartearentzat. Izan ere, gizonezkoek eguneko denborarik onena egin duten bitartean, emakumezkoek azken postuan amaitu dute sailkapen nagusian. Dena den, Kontxan ez daki inork zer gertatuko den, eta ikusteko dago oraindik oriotarrek zer egingo duten datorren igandean.
Emakumezkoen arraunketa saioak eman dio hasiera gaurko jardunaldiari. Orio bigarren txandan lehiatu da Astillero, San Juan eta Arraun Lagunakekin batera, eta azken horrek, beste behin ere, aparteko ikuskizuna eskaini du uretan. Izan ere, nagusitasunez gailendu dira donostiarrak, eta 10:49,68ko denboran amaitu dute proba; bigarren egin duen San Juani ia hamar segundoko aldea atera diote (11:00,22). Hirugarren sailkatu da Astillero, San Juanengandik milaren eskasera (11:00,42), eta Orio laugarren izan da (11:08,14). Bigarren postuaren lehian gogor aritu dira San Juan eta Astillero. Orio ere bi ontzi horien parera iritsi da ziabogan, baina bigarren luzean tartea handitzen joan da, eta amaieran, bere txandako azkena izan da.
Datorren igandean, hilaren 13an, ohorezko txandan ariko dira Arraun Lagunak, Tolosaldea, San Juan eta Astillero. Orio eta Zarautz, berriz, lehen txandan lehiatuko dira.
Gizonezkoak bikain, Kontxako lehen asteburuan
Emakumezkoen txanda amaitu bezain laster, gizonezkoak uretaratu dira Kontxako Banderako lehen jardunaldia jokatzeko. Espero bezala, Oriok izan du estropadako lidergoa gaur, baina, dena den, eguneko izarrak etxekoak izan dira. Hain zuzen ere, Donostiarrak aparteko arraun ikuskizuna eskaini du gaurko estropadan.
Orio lehen txandan lehiatu da gaur, Getaria, Donostiarra eta Ondarroarekin batera, eta, hasiera batean estropadako garaipena ziurtatuta bazuten ere, donostiarrek ez dizkiete gauzak batere erraz jarri. Lehen minutuetan, dagoeneko, mirotzek tartea handitu dute gainerako ontziekiko, eta lehen luzean Getaria eta Ondarroa atzean geratzen joan dira, donostiarren eta oriotarren arteko lehia areagotzen zen bitartean.
Ziabogara iristeko metro gutxiren faltan, Donostiarrak aurrea hartzea lortu du, baina bigarren luzetik aurrera, Oriok markatu du erritmoa. Dena den, San Nikolas ontziko arraunlariek segundo gutxiko aldea atera diete donostiarrei helmugan. Oriok 19:51,60ko denbora egin du gaurko estropadan; hiru segundo geroago iritsi da Donostiarra (19:54,70), eta hirugarren egin du Getariak (20:40,98). Ondarroa, berriz, oso atzean geratu da, eta 20:54,04ko denboran helmugaratu da.
Hortaz, datorren igandeko ohorezko txanda Oriok, Donostiarrak, eta bigarren txandan lehen eta bigarren egin duten Zierbenak eta Hondarribiak osatuko dute; izan ere, Bermeok hiru segundoko zigorra jaso du interferentziagatik, eta behin estropada amaituta, ohorezko txandatik kanpoan geratu da.
Hona hemen gaurko sailkapen nagusiak:
Emakumezkoen sailkapena
- Arraun Lagunak: 10:49,68
- Tolosaldea: 10:58,86
- San Juan: 11:00,22
- Astillero: 11:00,42
- Hibaika: 11:02,00
- Donostiarra: 11:02,94
- Zarautz: 11:07,76
- Orio: 11:08,14
Gizonezkoen sailkapena
- Orio: 19:51,60
- Donostiarra: 19:54,70
- Zierbena: 20:02,70
- Hondarribia: 20:14,94
- Bermeo: 20:15,62
- Lekittarra: 20:34,92
- Getaria: 20:40,98
- Ondarroa: 20:54,04