Asteburuan Galizian jokatu dituzte Eusko Label ligako bi estropadak, eta Oriok bi banderak eskuratu ditu, nola gainera: batetik, matematikoki liga irabazi du bigarren den Zierbenari ateratako puntu kopurua dela eta; bestetik, Iker Zabalaren arraunlari guztiek, bi patroiek barne, jokatu eta irabazi dituzte estropadak. Luzaroan gogoratzeko asteburua izan da, eta protagonistentzat, baita herrira iritsi orduko zaleek eta txarangak egin zieten harrera ere.
Di-da iritsi ziren Arestik, eta 21:00etarako kalejirarako prest ziren guztiak. Banderak bi patroiek eraman zituzten, Gorka Aranberri zarauztar beteranoak eta Oihan Manterola oriotar gazteak. Pozarren ziren biak, Manterola batez ere, oraindik sinetsi ezinik larunbatean estropada gidatu eta irabazi izana. Kuadrillakoak ere gerturatu zitzaizkion, denak horiz jantzita.
Orioko Txarangak dotore girotu zuen harrera ekitaldia, eta ateri eutsi zionez, asko presarik gabe gelditu ziren saioa amaitu ondorenean plazaren inguruan, garaipenak ospatzen.
Laster batean izango dituzte hurrengo hitzordu garrantzitsuak OAEko gizon-emakumeek, Kontxako Banderarako sailkapen estropadak jokatu beharko baitituzte gizonek asteazkenean eta emakumeek ostegunean, 18:00etatik aurrera Donostiako badian.