Matematikoki liga irabazi du gaur Oriok

Onintza Lete Arrieta 2026ko abuztuaren 30a

Orioko traineruko kideak, gaur estropada irabazita. (Aitor Arrizabalaga-TKE)

Eusko Label liga irabazteko hiru puntu behar zituen gaur Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoen traineruak, eta hiru puntuak ez ezik, bandera ere eskuratu du Aresen, Galizian. Iker Zabalak 21 arraunlariak uretaratu ditu asteburuko bi estropadetan, gainera, eta beraz, ezin biribilagoa izan da Kontxaren aurreko asteburua. Gaur, 21:00etan, Galiziatik iritsi bezain laster egingo zaie harrera arraunlariei herrian. 

Asteburuko bigarren bandera ere Oriok eskuratu du gaur Galiziako uretan, eta bandera ez ezik, Eusko Label liga ere matematikoki irabazi egin du San Nikolas ontziak. Iker Zabala entrenatzaileak zortzi aldaketa egin ditu traineruan atzotik gaurrera, taldeko 21 kideek egin dute arraun bi egunetan, eta ez dute hutsik egin ez batzuek, ez besteek. 

Gaurkoan ez dira estropadaren buru jarri hasieratik, baina behin gainerakoei aurre hartu dietenean, ez dute atzera egin, eta bukaerara arte segundo dezenteko tartearekin ibili da Orio. Borroka gehien bigarren txandako Donostiarrarekin izan dute, une batzuetan soilik bi segundoko aldea egon baita bi taldeen artean. Zierbena, Getaria eta Bermeorekiko, berriz, 8-10 segundoko aldearekin ibili da Gorka Aranberriren taldea ia bukaerara arte. Azken metroetan, hori bai, Zierbena gerturatu egin da, eta lau segundora helmugaratu da azkenean. Hirugarren tokia Donostiarrarentzat izan da, laugarrena Getariarentzat, eta Bermeok bosgarren tokiarekin konformatu behar izan du gaurkoan. 

Galiziatik Oriora iritsi bezain pronto, ohiko harrera egingo diete arraunlariei zaleek eta Orioko Txarangak, 21:00etan. 

Aresko banderarekin, arraunak altxatuta oriotarrak. (Aitor Arrizabalaga-TKE)

Liga ez da amaitu, iraileko hirugarren asteburuan jokatuko dituzte azken bi estropadak Bizkaian, baina aurrez, datorren astean hasita, urteko hitzordu garrantzitsuena izango dute traineruek: Kontxako Bandera. Asteazkenean gizonezkoen sailkapen estropada izango da 18:00etan, eta ostegunean, ordu berean, emakumezkoena. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide