KAE 2 mailatik KAE 1 mailara igo zen joan den denboraldian Orio B ontzia, eta aurten lan ona egin arren, 11. gelditu dira sailkapen orokorrean, eta asteburu honetan jaitsiera saihesteko play-offa jokatu behar izan dute. Anjel Larrañagak Gukari azaldua zion erronka zaila zela maila mantentzea –ikus hemen artikulua–, eta atzo eta gaur dena eman duten arren, maila galdu dute, bi estropadetan hirugarren postua eskuratu baitute.
Lau ontzi lehiatu dira: Orio B, Lapurdi, Camargo eta Portugalete. Bi lehietan puntu gehien eskuratzen zituzten bi taldeentzat zen KAE 1 mailako txartela, eta Camargo izan da nagusi, bi erlojupekoak irabazi eta zortzi puntu lortuta. Lapurdi gelditu da bigarren bai atzo eta bai gaur, eta sei punturekin, berarentzat izan da bigarren txartela. Oriok lau puntu eskuratu ditu, eta Portugaletek, bi.
Oriotarren harrobiko taldea, beraz, KAE 2 mailan lehiatuko da datorren denboraldian.