KAE 1 liga 11. postuan amaitu du Orio B harrobiko taldeak, eta ondorioz, mailari eusteko play-offak jokatu beharko ditu. Asteburu honetan bertan izango dira estropada horiek, bihar Donibane-Lohizunen (Lapurdi), eta etzi Camargon (Kantabria, Espainia). Oriorekin batera beste hiru talde aterako dira bi txartelen bila: Lapurdi, Camargo eta Portugalete. Igotzen saiatuko dira azken bi horiek, KAE 2 mailako bi onenak izan baitira aurten. Beste biek, KAE 2 mailara ez jaistea izango dute helburu.
Biharko estropada 18:00etan hasiko da, eta igandekoa, 12:00etan.
Denboraldi "konplikatua"
Anjel Larrañaga Orio Bren entrenatzaileak Gukari azaldu dio "denboraldi konplikatu samarra" izan dela hau taldearentzat, arraunlari kopuru justukoa izan dutelako, eta "jubeniletatik tiraka" jardun behar izan dutelako. Traineruan sei arraunlari debutari ere izan dituztela azaldu du, eta arrazoi horiengatik, KAE 1 maila "handi samar" gelditu zaiela aurten. Dena den, "estropada oso politak" ere egin dituztela uste du, San Pedro eta Hondarribia bezalako taldeei aurre hartuz, eta zuzenean mailaz jaitsi ez izana "emaitza polita" dela deritzo.
Goiko taldeko Azpiroz eta Mujika arraunlariek esku bat bota dietela nabarmendu du, bestetik, eta haiei eskerrak eman nahi izan dizkie, "haiei esker egon delako txalupa uretan".
Play-offari dagokionez, Larrañagak esan du arraunlariak "ilusioz beteta" daudela estropadei begira, baina erronka zaila izango dela uste du, arraunlari batzuk faltako zaizkiolako, "horiek aurrez hartuta zituzten konpromiso batzuk direla eta". Gertatzen dena gertatu, argi dago Orio B dena ematera aterako dela uretara azken bi hitzordu horietan ere.