Gizonen trainerua bikain, eta emakumeena ere bai

Onintza Lete Arrieta 2026ko abuztuaren 9a

Gorka Aranberri, gaur Hondarribiako uretan, garaipena ospatzen. (TKE)

Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoek Hondarribiko 39. Bandera irabazi dute, ligako hamargarrena, eta emakumeek bigarren egin dute, liderrarengandik zortzi segundora helmugaratuta. 

Egun bikaina izan da gaurkoa Orio Arraunketa Elkartearentzat, gizonek asteburuko bigarren bandera eskuratu baitute Hondarribiako uretan haizeak baldintzatutako estropadan denak emanda, eta emakumeek estropada oso ona egin eta bigarren sailkatu baitira; horri esker, laugarren jarri dira sailkapen nagusian, puntuetan Astillerorekin berdinduta. 

Euskotren ligako estropada jokatu da aurrena Hondarribian, Emakumeen Balfego Bandera, eta gaur ere saria Arraun Lagunakek eraman duen arren, gainerako ontziek ezusteko bat baino gehiago eman dute. Hasteko, Zumaiak irabazi du aurreneko txanda, eta ohorezko txandako biri ere aurre hartu die. Sailkapen nagusian azken postuan den arren, borrokarako dagoela erakutsi du. Horrez gain, Oriok estropada bikaina egin du –nahiz eta ziabogan arazoak izan dituzten arraun txikiarekin– eta bigarren helmugaratu da, liderrarengandik zortzi segundora. Bere tokia bilatzen ari dira oriotarrak, eta orain arte sailkapen nagusian bosgarren baziren, gaur pauso bat gora egin dute.

Denborei dagokienez, 10.55.02 markatu du Arraun Lagunakek helmugan, Oriok 11.03.54, eta Zumaiak, berriz, 11.06.16.

Orio, geldiezin

Eusko Label ligako hamahirugarren jardunaldia jokatu dute gero eremu berean, Hondarribiko 39. Bandera, eta atzo Ondarroan (Bizkaia) bezala, gaur ere San Nikolas ontzia izan da bizkorrena, bere txandakoen kontra ez ezik, beste txandakoen aurka ere lehiatuta. Izan ere, haize ufadek asko baldintzatu dute gaurko estropada, txanda batetik bestera aldatuz joan baita. 

Aurreneko txandan, esaterako, Getariak sekulako estropada egin du, eta markagailua 20.29.42 denboran gelditu du. Bigarren txandako bakarrak ondu du denbora hori, Hondarribiak, 20.15.88 eginda. Hala, ohorezko txandan, Oriok Zierbenarekin ez ezik, Hondarribiarekin ere izan du lehia. Biek eman dizkiete lanak gaurkoan, baina liderrak kalitate handia erakutsi du gaur ere, eta merezimendu osoz altxatu du bandera, estropada 20.06.60 denboran egin ostean. Hondarribia izan da bigarren, eta Zierbena hirugarren, 20.21.50 denborarekin. 

Horrenbestez, sailkapena nagusian tartea zabalduz jarraitzen du Oriok:145 puntu ditu Iker Zabalaren taldeak, eta 122, Zierbenak. Bermeo da hirugarren, 111 punturekin. 

Estropada amaitu berritan, Gorka Aranberri oriotarren patroiak EITBri kontatu dio "konforme" zela egindako estropadarekin, "sentsazio onak" dituela taldeak, eta "horrek indarra eman behar" diela bide beretik jarraitzeko. 

Bigarren ontzia ere fin

Azkenik, gizonezkoen bigarren ontziaren lana ere aipagarria da, gaur Errenterian (Gipuzkoa) erlojuaren kontra aritu baitira eta bederatzigarren sailkatu baitira, Astillero, Lapurdi eta Arkote atzean utzita. Deustu gailendu da 19.36.62 denbora eginda. Oriok 20.29.39 egin du, Astillerok baino ehuneneko batzuk gutxiago. 

Sailkapenean 11. postuan da Orio 33 punturekin, koska aterata hamabigarren den Arkoteri; horrek 21 puntu eskuratu ditu orain arte. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide