Orioko San Nikolas traineruak gaur Ondarroan jokatu duten 42. Ondarroako Bandera irabazi du, denboraldiko bederatzigarrena. Baina gaurkoan hortzak estutu behar izan ditu garaipena lortzeko, Donostiarra ia sorpresa emateko moduan egon delako.
Gaurko ohorezko txandan aritu da Orio, Bermeo, Zierbena eta Getariarekin batera. Aise irabazi die Oriok txandako aurkariei, baina azken palakadak eman arte ez du ziur izan banderaren garaipena. Izan ere, bigarren eta hirugarren txanda artean denboralea sartu da, eta horrek baldintza meteorologikoak aldatu ditu, eta une batzuetan bigarren txandan aritu diren Donostiarraren eta Ondarroaren denborak oriotarrenak baino hobeak izan dira.
Horren jakitun, azken palakadadara arte lehiatu behar izan da San Nikolaseko eskifaia, eta horrek saria izan du. Azkenean, Oriok irabazi du bandera, Donostiarra bost segundora eta Ondarroa hamalaura utzita. Sailkapen orokorrean, 133 puntu bildu ditu dagoeneko Orioko ontziak.
Bihar Hondarribian izango dute Eusko Label ligako estropada. Hondarribiko 39. Bandera izango da jokoan, hain zuzen, eguerdi partean, eta gaur Ondarroan irabazitako banderari alironerako laguna inguratzea izango dute helburu.
Neskak, laugarren
Euskotren ligako estropada ere jokatu dute gaur arratsaldean Ondarroan. Bizkaiko herriko seigarren bandera izan dute gaur jokoan, eta denboraldian dominatzaile garbia den Donostia Arraun Lagunakek ez du aurkaririk izan.
Orio lehen txanda aritu da gaur, Donostiarra, Hibaika eta Zumaiarekin. Estropada txukuna egin dute gaur Orioko Arraunketa Elkarteko neskek, eta bere txandan nagusi izan dira. Ohorezko txandan aritu den San Juanek Oriok baino denbora txarragoa egin du eta, ondorioz, laugarren sailkatu dira gaurkoan Orioko neskak. Sailkapenean bosgarren dira Xanti Zabaletak gidatutako neskak. Gizonek bezala, bihar Hondarribian izango dute hauek ere estropada.
Hondarribian jokatu dute gaur KAE1 ligako estropada, eta Orioren B ontzia hamargarren izan da gaurkoan. Sailkapen orokorrean, hamaikagarren dira oriotarrak. Bihar ere estropada izango dute, eguerdian Errenterian. Erlojupeko saioa izango da, bi luze eta ziaboga bakarrarekin.