Ez Munduko Kopako finala jokoan egoteak, ez gaua izateak, ez zuen eragotzi herritarrek harrera egitea Orioko gizonezkoei, horiek asteburuan Galizian irabazitako bi banderak ospatzeko. Portatu ziren zaleak eta txarangako kideak, baita arraunlariak beraiek ere, bide luzea egin ondoren –normala baino luzeagoa izan zena errepidean aurkitutako oztopoengatik–, etxera iritsi ere egin gabe elkartu zirelako zaleekin.
Baziren 22:00ak betiko talde argazkia atera zutenerako herriko txarangarekin Errusta aurrean, eta kalejiran joan ziren udaletxerantz. Han bi banderak ti-ta astindu –taldekide batzuk falta ziren–, herritarren txaloak jaso, eta merezitako deskantsua hartzera joan ziren denak.
Atzo ez ziren beste batzuetan bezainbeste zale elkartu, baina elkartu zirenek gogotik egin zieten txalo, baita Aupa Orio! ozen oihukatu ere. Harrera dantzan amaitu zuenik ere izan zen.