Hori kolorez jantzi da Galizia

Onintza Lete Arrieta 2026ko uztailaren 19a

Orioko gizonezkoak, Bueun, atzo eta gaur lortutako banderekin. (Joxemari Olasagasti)

Oriok irabazi du Eusko Label ligako gaurko estropada ere. Bueun lehiatu dira gaur, eta Zierbenak estu hartu badu ere, hirugarren luzean distantziak handitzen hasi da Iker Zabalaren taldea, eta lau segundoko aldearekin gailendu da azkenean. 22:00etan izango da alirona gaurkoan. 

Galiziatik aho zapore ezin hobearekin etorriko da gaur Oriora Iker Zabalaren kuadrilla, asteburuko bi banderak irabazi baitituzte Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoek atzo Redondelan eta gaur Bueun. 

Atzokoan areriorik ez bazuen izan San Nikolas ontziak, gaur Zierbena ondo-ondoan izan du estropadaren zatirik handienean, eta hark segundo bateko aldea ere atera dio bigarren ziabogan. Ondo eutsi diote bizkaitarrek Oriori, baina hirugarren luzean abiadura handitu du Oriok, eta azkenean, 19.36.84 denbora eginda, lau segundoko errentarekin nagusitu da, ligako bosgarren bandera eskuratuz. 

Zierbenak 19.40.12 denboran burutu du estropada, eta Hondarribia sailkatu da hirugarren, koska bat atzerago, 19.52.60 denbora eginda. Laugarren postua bigarren txandako garailearentzat izan da, Getariarentzat. Estropada bikaina egin du horrek, eta Bermeori aurre hartu dio sailkapenean. Esperantzak 19.54.12 egin du, eta Bermeok, 19.57.82.

Gaurko sailkapena:

Gaurko estropadaren ondoren, Oriok tarte ederra lortu du sailkapen orokorrean, 80 punturekin, bigarren den Bermeok baino hamar gehiago. 

Euskotrenen, Orio finago gaur

Arraun Lagunak taldeak erakustaldia eman du gaur Bueun (Galizia) jokatutako estropadan. Euskotren ligako zazpigarren jardunaldia jokatu da han eguerdian, eta donostiarrek zazpigarren bandera lortu du erreskadan. Ez da nolanahiko garaipena izan, beste taldeak atzean utzita eta estropada eremu horretan marka berria ezarrita irabazi baitu, 10:25,90 denborarekin.

Tolosaldeak eutsi dio ondoen Arrauni, eta zortzi segundora helmugaratu da. Hirugarren, berriz, lehenenego txandako Hibaikak egin du, sekulako estropada jokatuta.

Orio lehenengo txandan lehiatu da gaur, atzo lanak azken postuan amaitu ondoren, eta gaur bestelako emaitza lortu dute, seigarren izan dira, lan bikaina eginda. Bigarren egin du bere txandan, 10:45,09 denborarekin, Hibaikaren atzetik –10:38,31 denbora egin du horrek–, eta atzean utzi ditu Zumaia eta Donostiarra.

Gaurko sailkapena:

Sailkapen orokorrean, bosgarren da Orio, 28 punturekin. Bi puntura du laugarrena, Astillero, baina seigarrena ere ez dago urrun, puntu bakarrera baitago Hibaika.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide