Orio Arraunketa Elkartearen (OAE) hiru ontzi dabiltza aurtengo traineru denboraldian lehian Eusko Label, Euskotren eta KAE2 ligetan, eta atzo, igandea, jokatutako hiru estropadak irabazi zituzten oriotarrek, tartean etxean jokatu zen 13. Orio Kanpina banderak. Gainera, hirurak sailkapen orokorrean lehen postuan daude une honetan.
Hori guztia ospatu beharra zegoen, eta atzo 20:00etan harrera ezin jendetsuagoa egin zieten herritarrek arraunlariei eta entrenatzaileei. Ohi bezala, herriko txarangak jarri zuen giroa, eta haien atzetik iritsi ziren udaletxe aurrera hiru traineruetako arraunlariak eta entrenatzaileak, herritarren txalo zaparrada artean. Horiek ez ziren txalo egiteaz nekatu arraunlariek banan-banan banderak astintzen zituzten bitartean.
Ezohiko irudia ikusi zen atzokoan: balkoian hiru banderak batera astintzen herriko hiru ontzietako kideak. Azkenean, hiru entrenatzaileen txanda iritsi zen: hantxe elkartu ziren Iker Zabala, Patxi Frances eta Angel Larrañaga prestatzaileak. Ondoren, udaletxeko bi balkoiak bete ziren arraunlariz, eta txarangak Mirotzak abestia eskaini zuen.
(Argazkiak: Joxeju Olasagasti eta Onintza Lete Arrieta).