13. Orio Kanpina banderak, irudietan

Onintza Lete Arrieta 2025ko uzt. 20a, 16:38

Emozioa eta festa izan dira nagusi gaur Orioko bazter guztietan eguerdi partean, herrian jokatu dituzten Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak jokoan izan diren bitartean. Orioko emakumeek ligako aurreneko bandera irabazi dute, eta gizonek aspaldiko partez etxekoa, eta ez da falta izan txalorik eta animo oihurik, ezta urduritasunik ere. Jon Olasgastik aitortu du hiru banderak irabaztea "ametsa" izan dela, baina iritsi dela eguna.

Kalman zegoen gaur goizean Arraunetxea. Orio Orialkiko neskak baino ez zeuden bertan beroketa lanak egiten, eta 10:45erako uretan ziren, kanpoko barrara bidean. Inguru hartan mugimendu askoz handiagoa zegoen, Kofradia berriaren aurrean elkartu baitira Euskotren eta Eusko Label ligetako gainerako traineruak, 13. Orio Kanpina banderak jokatzeko prest Orioko barra kanpoaldean, itsaso zabalean.

Zaleak ere tantaka-tantaka gerturatzen hasi dira, batez ere herriko hiru gunetara: kanpoko barrara, Herriko Plazara eta hondartza ingurura. Nesken lehia hasterako kolorez beteta zeuden gune horiek. Plazan jarri dute pantaila erraldoia, ETB1eko emankizuna zuzenean jarraitzeko bertatik, eta gizonen txanda iritsi denerako, behintzat, goraino beteta zegoen.

Arraunlariak urduri ziren etxean irabaztea nahi izaten delako, eta hala zeuden herritarrak ere. Elastiko horiak soinean, Orioko traineruek helmuga igaro duten arte tentsioa nabari zen aurpegi askotan. Ondoren, txaloak eta oihuak. Izan ere, etxean gelditu dira gaur bi banderak.

Herriko Plazan bildutako arraun zaleek honela bizi izan dute Orioko gizonezkoen trainerua helmugara iritsi den unea:

"Ametsa izan da, eta iritsi da eguna"

Gaurko eguna Orio Arraunketa Elkartearen (OAE) historiara pasatuko da Orioko hiru ontziek bandera bana irabazi baitute, eta hirurak baitira lider Euskotren, Eusko Label eta KAE2 ligetan. (Ikusi hemen Euskotren ligako eta Eusko Label ligako albisteak). 

Gukak OAEko Jon Olasagasti presidentea harrapatu du errepideko zubian, gizonen trainerua banderarekin Arraunetxerantz bueltan zenean, eta pozik agertu da gaurko emaitzengatik: "Hirutik hiru bandera lortu ditugu gaur; asko erabili dugun hitz edo esaldia izan da, amets bat ere izan da, eta iritsi da eguna. Gainera, horietako bi etxean. Beraz, oso-oso gustura gaude". 

Bandera guztiak irabazteko gogoz direla esan du Olasagastik, eta neskei dagokienez, "txapela kentzeko moduko estropada" egin dutela esan du. "Aspalditik ari ziren ondo. Negua agian ez da hain borobila izan, baina garrantzitsua gaurkoa zen, eta beti esaten genuen tiro asko langa jo eta kanpora zihoazela segundo bakar batengatik, eta jarraitu egin behar zela amorrua aterata, eta gaur uste dut atera dutela, erakutsi dutela, eta hor gaudela".

B taldea egiten ari den lanagatik ere "poza" agertu du presidenteak, "klubaren funtzionamendua beheko taldeetatik datorrelako"; etorkizuneko arraunlariak hortik datozela nabarmendu du.

Gizonezkoen lehenengo taldeaz ere hitz onak baino ez ditu Olasagastik: "Egueroko lana dago emaitza hauen atzean. Jendeak asko hitz egiten du diruaz eta fitxajeez, baina horrekin bakarrik ez da bandera irabazten edo galtzen; eguneroko lana dago hemen, konpromiso handia dugu klubarekiko". Kluba aipatuta, esan du "kluba txukun" jarri nahi dutela, eta zuzendaritza zoriondu nahi izan du: "Gazteak dira, eta horrela jarrai dezatela lanean; zorionak denei".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide