Hainbat urtez etxean kale egin eta gero, gaurkoan Orio Orialkirentzat izan da Eusko Label ligako 13. Orio Kanpina bandera. Hamabi traineruek itsaso zakarrarekin eta haizeak baldintzatuta jokatu dituzte estropadak Orioko barraren kanpoaldean, itsaso zabalean, eta eguraldiak eragina izan du emaitzetan, gaurkoan, bigarren txandakoen kalterako.
Kontuak kontu, Oriok estropada bikaina egin du, bere txandakoei denbora tarte handia atera baitie helmugan: 27 segundo Hondarribiari eta minutu erdi Zierbenari, eta ia minutua Getariari. Hasieratik atera da buruan, eta azken luzean gozatua hartu dute Iker Zabalaren mutilek, ikusita beste hiru traineruekiko segundo askoko aldearekin zebiltzala.
Sailkapenean, bigarren postua lehenengo txandako Lekittarrarentzat izan da, gainera; horrek ere estropada bikaina egin du. Hirugarren Hondarribia izan da, eta laugarren, berriz, Donostiarra.
Honela gelditu dira gaurko sailkapena eta sailkapen orokorra:
KAE2 ligan ere fin ibili da Orio, eta bandera lortu du Portugaleteko (Bizkaia) uretan. 20:43,63 denbora eginda, aise loru du garaipena, ia 28 segundoko aldea aterata Portugaleteri.
Euskotren ligan ere Oriok bandera irabazita, festa borobila dago gaur Orion, eta ginga 20:00etan jarriko zaio, herriak hiru taldeei egingo dien alironarekin.