Arraunetxean, beroketak egiten ari zirela, Orio Orialkiko emakumezkoen entrenatzaileak, Patxi Francesek, gaurko estropadarekiko "sentsazio onak" zituen. Bazuen "esperantza". Eta instintuak ez dio hutsik egin: gaur, Euskotren ligako seigarren jardunaldian, iritsi da oriotarrentzat aurreneko bandera. Aurreko bost estropadetan, bigarrenak izan dira beti, Arraun Lagunaken atzetik gehienetan, eta askotan banderak segundo bakarragatik ihes egin die.
Gaurkoan oriotarrak izan dira nagusi, non eta etxean, 13. Orio Kanpina banderan. Zaleen txalo eta oihu artean amaitu dute estropada, eta halaxe altxatu dute bandera ere.
Itsaso zakarrarekin jokatu dute estropada 11:20ean hasita, eta ohorezko txandan, lehen luzean lehia estua izan du Oriok Tolosaldearekin. Izan ere, gaurkoan hasieratik atzean gelditu da Arraun Lagunak, gaur arte sailkapenean lider zen taldea. Ziabogan Orio nagusitu da. 06:15 egin du, Tolosaldeak baino segundo bat bizkorrago, eta bueltakoan aldea handitu dio ontzi horri, zortzi-bederatzi segundora arte. Azkenean, 11:41,64 egin du Oriok, 11:50,98 Tolosaldeak (+9 segundo) eta 12:02,14 Hondarribiak (+20).
Estropada ez ezik, sailkapeneko lehen postua ere eskuratu du gaur Oriok: 43 puntu ditu, Arraun Lagunakek baino bat gehiago. Hirugarren Tolosaldea da, 37 punturekin.