Amaitu berri den denboraldian lortutako balentriari tamaina hartzeko moduko harrera jaso dute gaur arratsaldean Orioko arraunlariek. Pasa den astean Kontxako Bandera eraman zuten herrira, eta gaurkoan Eusko Label ligako koroarekin itzuli dira Portugaleten (Bizkaia) jokatu duten azken estropadatik. Festak kolore horia du Orion, eta distira berezia izan du gaurkoan, 17 bandera eskuratuta, Iker Zabalaren gizonek garaipenaren errekorra hautsi baitute aurtengo denboraldian.
Larunbatean Bermeon (Bizkaia) erdietsi zuten oriotarrek marka hautsi zuen hamazazpigarren bandera. Denboraldi osoan, soilik zortzi estropada amaitu dituzte bandera astindu gabe, eta horrela, 240 puntu metatu dituzte ligan, iazko lorpena (234) gaindituta.
Irabazitako guztia ospatzea besterik ez zitzaien gelditzen Orioko arraunlariei, eta uda osoan zehar ondoan izan dituzten zaleen aurrean altxatu dute Eusko Label ligako koroa gaur arratsaldean.
Ekitaldi jendetsu eta umoretsua
19:00etan puntuan hasi da ekitaldi jendetsua Herriko Plazan. Iker Gurrutxaga kazetariak egin du aurkezpen laburra. Gizonen balentria goraipatzearekin batera harrobiko lana eta nesken trainerua uretan egon izana nabarmendu eta txalotu ditu, eta mikrofonoa beste pertsona bati pasatu dio laster batean: Ibon Arruti Aldape arraunlari ohiari. Horrek egin ditu speaker lanak, banan-banan aurkeztuz San Nikolas ontziko kideak. Elizako aldapatik behera udaletxe aurreraino etorri dira arraunlariak herritarren txalo artean, gehienak banaka eta sorbaldan bandera banarekin.
Aldapek umorea erabili du ondo baino hobeto ezagutzen dituen gizonak aurkezteko, eta bertsoei ere egin die tartea. "Gure aitona zenak bertsotan kantatzen zizkigun arraun kronika zaharrak, eta haietako bat kantatuko dizuet". Bertsoa bota du: garai bateko Orioko arraunlari eta patroien izen mordoa ziren, errenkadan. Ondoren, berak asmatutakoa kantatu du, aurtengo arraunlari eta patroien izenekin.
Jon Lizarralde Altxerri-ren urtebetetzea zela esan du norbaitek, eta herri osoak abestu dio Zorionak zuri kantua, txarangaren laguntzarekin, gaurkoan ere han baitzen taldea, ekitaldiari doinu alaiak jartzen. Txarangarentzat ere esker oneko hitzak izan dituzte ekitaldian, baita boluntarioentzat ere. Horiek ere txalo artean azaldu dira udaletxe aurrera, hunkituta. Zuzendaritzako kideek ere bide bera egin dute, eta nola ez, baita Gorka Aranberri patroiak eta Iker Zabala entrenatzaileak ere. Bi horiek ekarri dute koroa pisutsua sorbalda gainean.
Zabalak hitz gutxi egin ditu, baina edukiz beteak: esan du ez dela damutzen Oriora etorri izanaz eta "alde handiz, afizio onena" dela Oriokoa, baita "arraunlariek denen bultzada sentitu behar" dutela ere hurrengo urtean jarraitzeko. Aldaperi berari ere bota dio ordagoa: "Speaker jaunak ere arraun egingo du", eta plaza osoa hasi da Aldape, Aldape oihuka.
Balkoitik beste bertso parea bota du Aldapek Ioritz soinuarekin zela, eta, eta arraunlari guztiak igo dira ondoren, banderak astintzera. Harribilekoen dantza eskaintzarekin amaitu da urteko azken harrera, baita bereziena ere. Benito Lertxundiren irudia daraman oihal erraldoia balkoitik behera eskegita egin dute dantza horiek.
(Argazkiak: Arnaiz Rubio Aprea)