Maila gorenean lehiatzeko play-off-ak amaitu ostean, LII. El Corte Inglés Bandera jokatu dute Portugaleteko (Bizkaia) uretan, Eusko Label Ligako azken bandera, hain zuzen ere. Arraunlarien azken jardunaldia izanik, hori ere nabari izan da uretan, lehia estua izan baita parte hartzaile guztien artean.
Getaria eta Orio ohorezko txandan aritu dira gaur, Zierbena eta Bermeorekin indarrak neurtuz. Lehen luzea pare-parean hasi dute lau ontziek, baina estropadak aurrera egin ahala, Bou Bizkaia eta Esperantza atzean geratzen hasi dira, galipoen eta oriotarren arteko lehia estutzen zen bitartean. Zierbenak eta Oriok denbora bera egin dute lehen ziabogan, baina bigarren luzetik aurrera, bizkaitarrak tartea handitzen joan dira, eta San Nikolas-ek ezin izan du haien erritmoa jarraitu.
Amaieran, galipoak izan dira helmugaratzen lehenak, 19.37,96ko denborarekin. Oriok, berriz, 13 segundo gehiago behar izan ditu (19.51,22), eta sailkapen nagusian bigarren postua eskuratu du. Getaria azkena izan da bere txandan, 20.05,08ko denborarekin, eta bosgarren egin du eguneko sailkapenean.
Zierbenak ezin izan du bandera bakar bat ere irabazi denboraldi osoan; beraz, gaurko garaipena bikoitza izan da galipoentzat. Orio, bestalde, ez da esku hutsik joan, eta Iker Zabala buru duen taldeak Eusko Label Ligako koroa gogotik altxatu du. Gainera, Oriok 240 puntu metatu ditu guztira aurtengo denboraldian, eta iaz ezarritako marka (234 puntu) hautsi du.
Alironak nonahi, arraunlariak zoriontzeko
Gaurko estropadan nahiz denboraldian zehar lortutako garaipenak aitortzeko, harrerak egingo dizkiete eskualdeko arraunlariei beren herrietan. Zarautz Arraunketa Elkarteko neska-mutilei Salbideko parkean egingo zaie harrera, 18:30ean, eta, handik, herrirantz joango dira kalejiran. 19:00etan, Lege Zaharren Enparantzan elkartuko dira, garaipena udaletxeko balkoitik ospatzeko.
Getariaren kasuan, alirona 19:30ean izango da udaletxean, eta zaleak plazan izango dituzte zain Esperantzakoek. Orioko arraunlariei, berriz, 19:00etan egingo diete harrera Herriko Plazan, eta Eusko Label Ligako koroa gogotik altxatuko dute udaletxeko balkoitik. Orioko Udalak jakinarazi duenez, ospakizunak irauten duen bitartean, 18:00etatik 21:00etara, moila itxita egongo da.