Eusko Label liga eta Kontxa irabazi dituen arren, bandera gosez jarraitzen duela erakutsi du Oriok. Traineru aseezinak Bermeo Hiriko XLIV. Ikurriña estropada irabazi du gaur eta ligako hamazazpigarren bandera astindu du, marka guztiak hautsita. Bihar ere Bizkaian lehiatuko dira oriotarrak, Portugaleten, eta emaitza edozein dela ere, horiz tindatuta eta festarako prest aurkituko dute herria iluntzean.
Estropadaren buruan kokatu da Orio hasiera-hasieratik, baina gertutik jarraitu diote Bermeok, Zierbenak eta Getariak, baina oriotarrek ez diete aukerarik eman banderarekin amesteko. Ligako irabazleak liderraren nortasuna erakutsi du gaurko estropadan ere, eta hutsik egin gabe egin du arraun. 20:24.06ko denboran osatu du estropada.
Hiru segundo atera dizkio bigarren egin duen Getariako ontziari, eta sei Zierbenari nahiz Bermeori.