Kontxako irabazleek hunkituta jaso dute herritarren harrera

Onintza Lete Arrieta

Jendetza elkartu du gaur arratsaldeko alironak. Gaurko harrera berezia zen, Kontxako Banderarekin etxeratu baitira Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoak, eta ederki nabaritu da hori herriko kaleetan nahiz Herriko Plazan. Udaletxeko balkoitik oihal erraldoia eskegi dute arraunlariek Benito Lertxundiren irudiarekin, eta bertsoak ere eskaini dizkiete herritarrei. Negar malkotan amaitu du herritar askok, baita arraunlari gehienek ere. 

Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoek Kontxako 131. Bandera irabazi dute gaur Donostiako badian jokatutako estropadan. Bigarren urtez jarraian lortu dute urteko bandera garrantzitsuena, eta klubarentzako 37. bandera izan da –gizonen 34. bandera–. Goizean zale ugari izan da hiriburuan taldea bertatik bertara babesten, baina goizeko marea horia izugarrizko olatu hori bihurtu da arratsaldean, arraunlariei harrera egiteko unea iritsi denean. 

Iaz bezala, Bikamiotako biribilgunera iritsi dira arraunlariak, autobusez. Han zituzten zain Orioko Txaranga eta Pello eta Nikolasa erraldoiak, nahiz herritar mordoa. Autobusa gelditu eta handik ateratzen aurrena Gorka Aranberri patroi zarauztarra izan da, baina ez da lurrera jaitsi; abil asko autobusaren sabaira igo da, eta han astindu du bandera, herritarren zoramenerako. 

Hortik aurrera, dena izan da poz, kantu eta alaitasun. Kalejira bizi-bizian joan dira Herriko Plazara txarangaren atzetik, uneoro Kontxako bandera astinduz, eta adin guztietako herritarrek egin dute kalejira haiekin batera. 

Olatu horia Herriko Plazan

Herriko Plaza ez zegoen hutsik, ordea, ezta gutxiago ere: zale asko eta asko han zeuden gaurko protagonisten zain. Pasilloa egin diete zaleek nahiz txarangak, eta udaletxera igo eta balkoira atera direnean izan da eguneko momentu berezienetakoa, arraunlari batzuek oihal erraldoi bat eskegi dutelako balkoitik, eraikinaren zati handi bat estaliz. Oihalean Benito Lertxundiren irudia ageri zen, eta Mirotzak hitza. Hain zuzen, abesti horixe jo du txarangak, eta herritarrek nahiz arraunlariek gogoz abestu dute. Ondoren, ohi bezala, bandera astindu dute banaka-banaka, herritarren txalo eta oihu artean. 

Herriko Plaza goraino beteta, Martxel Aldai eta Ugaitz Astigarraga arraunlariek bertsoak ere abestu dituzte. Aurreneko hitzak, Orio agurtu ondoren, Iker Zabala entrenatzailearentzat izan dituzte, umore kutsuan, eta bandera irabazteko irrikitan zirela eta garaipena denena dela esanez amaitu dute aurreneko bertsoa. Bigarrenean, aurreneko Kontxa duela 125 urte irabazi zutela kontatu dute, Olaizola patroitik Aranberrira istorio asko izan direla, bale bila nahiz bandera bila, eta "jositako haria datozen eta izan zirenekin jositakoa" dela eta "herri oso bat elkar hartuta" egotearen ondorio. Aiarrak direla baina arraunak eta zaleek haien bihotza hori bihurtzea lortu dutela esanez amaitu dute olerkia.

Alironean zehar hunkitu egin dira herritar asko, baita arraunlari gehienak eta arraun klubeko arduradun asko eta asko ere, eta halaxe amaitu da harrera, kantu, besarkada eta emozioz blai, herritarrak arraunlariez harro, eta arraunlariak zaleez harro. 

(Argazkiak: Ivan Rodriguez)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide