Arraun Lagunak-ek ez du hutsik egin eta egundoko estropada eginda (10:31,32), bosgarren Kontxako Bandera erdietsi du. Hala, San Juanen eta Galiziaren marka berdindu du Donostiako traineruak gaurko garaipenarekin. Txanponaren beste aldean, Oriok zortzigarren postuan amaitu zuen aurreko astean, eta arantza hori kendu ahal izan du gaurkoan, zazpigarren bukatuz sailkapen orrokorrean. Enbata-ko neskak zazpigarren izan ziren duela astebete, Orioren aurretik, baina gaur postu trukea egon da.
Kontsolazio txanda beneta borrokatua jokatu dute Oriok eta Zarautzek, Hibaika eta Donostiarrarekin batera. Bizi atera dira lau traineruak, eta hasieratik buru jarri da Hibaika, estropada irabazteko asmo argiarekin. Gainerako ontziek, baina, ongi eutsi diote joaneko luzean.
Ziaboga egiterakoan Hibaika atera da aurretik, baina orpoz opo izan ditu Orio segundo batera eta Donostiarra eta Zarautz bi segundora. Poparean, ordea, erritmoa bizitu du errenteriako traineruak, eta badian sartzerako nabarmen jarri da aurretik, aldeak areagotuz, eta 10:49,70eko denbora eginez txanda irabazi du.
Atzeko hiruen arteko lehia oso estua izan da, baina apurka-apurka Enbata atzean geratzen joan da, laugarren postuan (11:01,28). Azken txanpan, helmugaratzeko metro gutxiren faltan, donostiarrek aurrea hartu diote oriotarrei, eta ehuneko eskas batzuengatik bigarren tokia ziurtatu dute (10:59,26). Oriorentzat izan da txandako hirugarren postua (10:59,60).
Sailkapena
1. Arraun Lagunak 10:31,32
2. San Juan 10:41,82
3. Tolosaldea 10:46,68
4. Astillero 10:48,04
5. Hibaika 10:49,70
6. Donostiarra 10:59,26
7. Orio 10:59,60
8. Zarautz 11:01,28