Texasetik Oriora joan-etorrika, abizen batek eta kirol batek harrapatuta

Onintza Lete Arrieta

Belinda Molina, Mikel Lizarralde, Mariaje Indo, Stephen Yndo eta Jon Lizarralde, 2017an Orion, Kontxako banderarekin. (Utzitakoa)

Stephen Yndo estatubatuarrak duela hamar urte ezagutu zituen Mariaje eta Joxemari Indo. Arbasoen arrasto bila iritsi zen Oriora Belinda Molina bikotearekin. Ez dira odol berekoak, baina izango balira bezala sendotu da bi familien arteko harremana, eta Oriok bi arraun zale eta bazkide irabazi ditu Atlantikoaren bestaldean. 

2016ko udan iritsi ziren Oriora aurreneko aldiz Stephen Yndo eta Belinda Molina estatubatuarrak Texasetik, San Antonio herritik. Yndori haren aitak esana zion beren arbasoak Pasaiatik (Gipuzkoa) joanak zirela AEBetara bizitzera, eta sustraien bila iritsi zen Gipuzkoara. "Ikusi nuen Indo abizena asko zegoela Zarautz eta Orio aldean ere, eta hala jo nuen Transportes Indoren atea", kontatu du. Molinak esan du bera eraikinaren kanpoaldean gelditu zela, lotsatuta. "Beso zabalik hartu gintuzten Joxemarik-eta", jarraitu dute.

Ikertzen hasi, eta berehala konturatu ziren ez zirela familia egiten. Ordea, odolekotzat hartzen dute elkar gaur egun, Mariaje Indok azpimarratu duenez. "Berez ez gara tarteko egiten, baina harreman oso ona sortu da gure artean, eta familiakotzat ditugu", esan du. Ez alferrik, gaur elkarrekin joango dira Kontxako Bandera ikustera, baita gero Aginagan egingo duten bazkarira ere. Plan hori bera egin dute aurreko urteetan ere.

Ezkerretik hasita, Mariaje Indo, Stephen Yndo, Belinda Molina eta Joxemari Indo, aste honetan Indo garraio enpresaren aurrean. Hantxe ezagutu zuten elkar bi familiek duela hamar urte. (Onintza Lete Arrieta)

Izan ere, hamar urte hauetan bikote estatubatuarra ia urtero itzuli da Oriora urteko sasoi honetan, Kontxako Banderaren bueltan. Arrauna zenik ere ez zekiten duela hamarkada bat, baina gaur egun zale sutsuak dira. "Etxean astebururo ikusten ditut estropadak EITBn", esan du, irribarretsu, Yndok. Horrekin badu zerikusirik beren familia berriak ere, hainbat arraunlari baita indotarren artean: Josu Indo eta Aritz, Jon eta Mikel Lizarralde, esaterako. Azken horiek San Nikolas ontzian dabiltza gaur egun, eta Yndok ezin harroago jarraitzen du haien ibilbidea, baita sareetan partekatu ere Texasko bere sendiarekin. Pentsa, Orio Arraunketa Elkarteko bazkide ere badira. 

Euskal Herriarekin eta Oriorekin maiteminduta daude, baita bertako jendearekin ere, "ezin atseginagoak" iruditzen baitzaizkie. Orain bi egun iritsi dira Atlantikoaren bestaldetik iberiar penintsulara, eta Euskal Herria zapaldu orduko azaldu dira Orion Mariaje, Joxemari eta gainerakoak estuki besarkatzera. 

2017an ere irabazi zuen Oriok Kontxako Bandera, eta estatubatuarrek badute banderarekin argazki bat. Bertan Mariaje Indo ageri da Jon eta Mikel Lizarralde semeekin. Harrobiko arraunlari gaztetxoak ziren orduan. Gaur, bi familiek elkar ezagutu zuten hamargarren urteurrenean, argazkia errepika daiteke, protagonista berekin, eta oraingoan, gainera, argazkiko bi anaiek beraiek irabazitako banderarekin. Ederra litzateke, ezta?

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide