Moilaren bi aldeak horiz jantzi dira gaur arratsaldean, eta garaipen doinuz bete. Urtero bezala, Orio Arraunketa Elkarteak zaleei dei egina zien Kontxako Banderaren bigarren jardunaldiaren bezperan moilara bertaratu zitezela arraunlariak animatzera, horiek errioan entrenamendua hasitakoan, eta herritar ugari elkartu da asmo horrekin. 18:30ean zen hitzordua, baina minutu batzuk lehenagotik bete-beteta zegoen plaza aurreko eremua. Moilaren bestaldean, Mutiozabal aldean, bi oihal erraldoi zintzilikatu dituzte bina eraikinetatik, eta bi traineru nagusiak iritsi direnean bengalak eta suziriak ere jaurti dituzte alde hartatik.
Orioko Txarangak jarri du, beste behin, animozko eta garaipen kutsuko giroa: Arcoiris eta Lesaka abestiak jo dituzte aurrena, eta traineruak Herriko Plaza parera iritsi direnean, Txapeldunak eta Gora Mitxelena. Saioa Bat, bi, hiru, lau joz amaitu dute.
Bitartean, herritarrek txalo jo diete arraunlariei, eta horiek traineruetan zutik jarrita eta txaloka erantzun diete zaleei. Gauza bera egin dute entrenatzaileek, eta uretan izan dira arraun klubeko beste hainbat traineru ere, baita beteranoak eta aulki mugikorreko arraunlari batzuk ere.
Igandean 11:00etan hasiko dira arraunean emakumezkoak Donostiako badian, eta 12:00etan izango da gizonezkoen txanda. Bandera Oriora ekarriz gero, 19:30ean lehertuko da festa Bikamiotan, iaz bezala.
Udalaren oharra, zuhurra eta harroa
Orioko Udalak oharra kaleratu du gaur arratsaldean. "Duela 125 urte lehen aldiz irabazi eta ospatu genuenetik bezalaxe, hunkituta joango gara Donostiara", esan du, aurtengo urteurrena gogora ekarriz –1901ean lortu zuen Oriok bere historiako aurreneko Kontxako Bandera–. "Arrauna, eta bereziki Kontxako estropada, barrutik bizi dugun zerbait da. Nolabait, gure herri sentipenarekin eta gure ibilbidearekin konektatzen gaitu. Eta sentitzen dugun hori oso polita da. Benetakoa. Gure arbasoek portura lehenak iristeko egin behar zuten esfortzuarekin lotzen gaitu", esan du.
"Helburuak partekatzen ditugunean, elkarrekin bat egiteak sortzen duen indarra eta handitasuna gogorarazten dizkigu. Eta, batez ere, komunitate baten parte izateak gutasuna nola sortzen duen erakusten digu. Horiek dira Mirotza. Horiek dira gure herriaren bihotza. Arraunlariek, arranplan, pasealekuan edo Donostiako edozein txokotan Orio ordezkatuko duen edonork, eraman ditzala berekin Mirotzaren balioak eta sentipenak", nabarmendu du udalak.
Horri lotuta, hiru eskaera zehatz eta argi egin dizkie herritarrei: "Zaindu dezagun estropada eremua eta ingurua. Zaindu ditzagun arraunlari eta arraunzale guztiak. Eta harrokeriarik gabeko harrotasunez bultza ditzagun gureak".