Jon Salsamendik ez du Bermeon segituko

Julene Frantzesena

Jon Salsamendi. (Utzitakoa)

Entrenatzaile oriotarrak ez du Urdaibairen gizonen trainerua gidatzen segituko denboraldia bukatzen denean. Gaur jakinarazi du erabakia Bermeo Arraun Elkarteak, eta eskerrak eman dizkio Salsamendiri. Ikuskizun dago oriotarrak zer bide hartuko duen.

Denboraldia bukatzean, Jon Salsamendi entrenatzaile oriotarrak ez du Bermeoko Urdaibairen gizonen trainerua gidatzen segituko. Gaur eman du erabakiaren berri Bermeoko Arraun Elkarteak. Bizkaiko taldeak esker hitzak izan ditu Salsamendirentzat, elkartearen etorkizuna "kinka larrian" zenean traineruaren agintea hartzeagatik eta elkartearen proiektuaren oinarriak sustatzeagatik.

Horrenbestez, bi denboraldi igarota –2025ean hartu zuen taldearen gidaritza–, oriotarrak Bermeorekin zuen kontratua eten eta traineru horrekin Eusko Label ligan egindako bidea bukatuko du. Ikuskizun dago zer bide hartuko duen Salsamendik datorren denboraldian, baina bukatzear den sasoian izango ditu oraindik hitzorduak Urdaibairekin: Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia nahiz Bermeoko eta Portugaleteko estropadak.

Gaur-gaurkoz, eta denboraldiaren hondarrean, Urdaibai Eusko Label ligako sailkapenaren hirugarren postuan da. Gainera, joan zen igandeko Kontxako Banderaren lehen hitzorduan bosgarren egin zuen Bermeok.

Salsamendik ibilbide oparoa egina du arraunketan. Izan ere, Orion arraunean aritu ostean, entrenatzaile lanetan hasi zen, eta bide horretan hainbat klubetan jardun du, hala nola Astilleron, Bermeon, Orion nahiz Lapurdin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide