Donostiako Estropadetako gizonezkoen sailkatze probak jokatu zituzten atzo arratsaldean, eta eskualdeko ordezkarietatik, Oriok eta Getariak lortu dute astebururako txartela. Gaurkoan, berriz, emakumeen txanda izango da. Hain zuzen ere, 18:00etan hasita, guztira, 19 traineru ariko dira nor baino nor datozen bi igandetan Kontxako badian lehiatzeko zazpi txarteletako bat lortzeko; hiriko ordezkari Arraun Lagunak, berriz, zuzenean dago sailkatuta. Ontziak bi multzotan irtengo dira, eta dagoeneko zozkatu dituzte irteeren ordenak. Hibaika izango da lehena abiatzen, eta Amegrove, berriz, azkena.
Eskualdeko ordezkariei dagokienez, Oriok, Zarautzek eta Zumaiak lehen multzoan hartuko dute parte: Telmo Deuneko emakumeak bosgarren izango dira irteten; Orio Arraunketa Elkartekoak zazpigarrenak izango dira; eta Enbata-ri dagokionez, hamargarren aterako da. Estropada erlojuaren aurka izango da, eta minutu bateko aldearekin aterako dira parte hartzaileak, bata bestearen atzetik. Guztira, 2.778 metroko distantzia osatu beharko dute; hau da, joan-etorria, ziaboga bakarrean.
Hona hemen sailkatze estropadako hurrenkera:
1. Hibaika
2. Donostiarra
3. Perillo
4. Astillero
5. Zumaia
6. Hondarribia
7. Orio
8. San Juan
9. Tolosa
10. Zarautz
----
11. Deusto
12. Castropol
13. Esteirana
14. Chapela
15. Ondarroa
16. Tiran
17. Lekeitio
18. Kaiku
19. Amegrove