Orioko gizonezkoek aise eskuratu dute Kontxarako txartela

Julene Sorarrain 2026ko irailaren 2a

Orioko 'San Nikolas', gaur arratsaldean, Kontxako sailkatze estropadan. (Arnaitz Rubio Aprea)

Ez da ezustekorik izan gaur arratsaldean Kontxako sailkatze proban, eta Eusko Label ligako eskualdeko bi ontziek lortu dute txartela: Orio eta Getaria. Bihar, emakumeen txanda izango da, eta tartean eskualdeko hiru ordezkari –Orio, Zarautz eta Zumaia– lehiatuko dira.

Eguraldi paregabearekin eta itsas baldintza egokiekin jokatu dute gizonek Kontxarako sailkatze proba gaur arratsaldean. Ezusteko gutxi utzi ditu gaurko arraunketa saioak; izan ere, Eusko Label ligako eskualdeko bi traineruek, Oriok eta Getariak, aise eskuratu dute Kontxarako txartela. KAE 1 ligan aritu diren Zarautz eta Zumaia, aldiz, kanpoan gelditu dira.

Oriok, espero zen bezala, txukun egin ditu lanak eta arratsaldeko bigarren denborarik onena lortu du, ontzi guztietan azkarrena izan den Zierbenaren atzetik. Unax Eizagirreren gidaritzapean, Esperantza fin aritu da lanean, eta getariarrek ere aise eskuratu dute astebururako txartela, sailkapenean bosgarren eginda.

Kontuak kontu, eskualdeko bi ontzi horiek Zierbena, Hondarribia, Bermeo, Lekeitio eta Ondarroarekin batera ariko dira Donostiako uretan datozen bi igandeetan. Iaz ere ontzi horietako gehienen aurka lehiatzea tokatu zitzaien Oriori eta Getariari. Ondarroaren ordez, ordea, San Juanek lortu zuen sailkatzea, eta aurten ere helburu horretatik gertu izan dira Pasaiakoak, zortzigarren amaitu dute arraunketa saioa. Azpimarratzekoa da, era berean, Zarauzko Enbata-k gaurko estropadan egindako lan bikaina. Izan ere, 10.22ko denborarekin iritsi da ziabogara, eta sailkapen orokorrean bederatzigarren postua lortu du, San Juanen atzetik milaren eskasera amaituta. Guztira, 24 traineru aritu dira nor baino nor atzo Donostiako uretan, erlojuaren aurka, Kontxako Banderan lehiatu ahal izateko txartelaren bila.

Gizonen txartelak banatuta, emakumeen traineruen txanda izango da bihar Donostiako badian. 18:00etan uretaratuko da lehenengo ontzia, eta tartean eskualdeko hiru ordezkari –Orio, Zarautz eta Zumaia– lehiatuko dira.

Gainera, igandeko txandak ere dagoeneko zehaztu dituzte, eta horrela irtengo dira:

A txanda

  • Orio 
  • Getaria
  • Ondarroa
  • Donostiarra

B txanda

  • Lekittarra
  • Zierbena
  • Hondarribia
  • Bermeo

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide