Iraila iristearekin batera, arraunaren urteko hitzordu garrantzitsuenetariko bat, Kontxako Bandera, ate joka da. Donostiako badian jokatuko den estropadak arraunaren munduko talde eta zale ugari elkartuko ditu beste behin. Sailkatze estropadak gaur eta bihar jokatuko dituzte: gaur gizonak lehiatuko dira, eta bihar emakumeak. 18:00etan hasiko da lehia bi egunetan, eta traineruek datozen bi igandeetarako txartela eskuratzea izango dute helburu. Donostiako ordezkariaz gain, zazpi ontzik baino ez dute lortuko estropada nagusian parte hartzea.
Gizonetan 24 traineru arituko dira lehian. Eusko Label ligako ontziek osatuko dute, nagusiki, lehen multzoa, eta gainerako taldeak KAE eta Galiziako ligetatik iritsiko dira. Emakumeetan, berriz, hemeretzi ontzi lehiatuko dira biharko estropadan. Euskotren ligako zazpi ontziez gain, ETE ligako lehen bi sailkatuak –Hondarribia eta Zarautz–eta Galiziako Perillo ariko dira lehen multzoan; B multzoan, berriz, ETE ligako zein Galiziako gainerako traineruak.
Guztira, eskualdeko zazpi ontzi uretaratuko dira gaur eta bihar Donostian, eta haien ordezkariekin hitz egin du Gukak.
Orio
Iaz Oriok lortu zuen gizonen Kontxako Bandera, eta Arraun Lagunak izan zen emakumeenean garaile. Aurten, historia berridazteko aukera izango dute bi traineruek. Hala ere, denboraldi osoan erakutsi duten nagusitasuna minutu gutxitan defendatzea tokatuko zaie. Alde txikiek eragin handia izan dezakete horrelako estropadetan, eta horrek are gehiago estutzen du lehia.
"Arraunlari guztiok izaten dugu helburu bera: Kontxan lehiatzea", azaldu du Almudena Calvo Orioko traineruko arraunlariak. Aurten emakumeen artean dagoen berdintasunak sailkapena are zailago bihurtuko duela deritzo. Ligako estropadetan, segundo eta ehuneneko gutxiren aldeak izan dira sarri traineruen artean. "Batzutan, hiruzpalau ehunenekoren barruan egon dira lauzpabost ontzi", nabarmendu du Orioko arraunlariak, eta horregatik "edozer gerta daitekeela" uste du.
Jon Lizarralde Altxerri arraunlariak ere Calvoren sentsazio berberak ditu. Hori bai, haren taldeak egoera ezin hobean ekingo dio Kontxako erronkari. Azken hamar jardunaldiak irabazi dituzte Orioko gizonek, eta Eusko Label ligako txapela matematikoki eskuratuta dute jada. “Ezin gara hobeto iritsi Kontxako Banderara”, adierazi du Lizarraldek.
Iazko emaitzek ere baikor izateko arrazoiak ematen dizkiete mirotzei. Oriok Kontxako historiako bigarren denborarik onena egin zuen 2025ean, errekorretik hiru segundora geratu zen. Hala ere, Altxerrik zehaztu du denborak, hein handian, itsasoaren baldintzen menpe daudela. “Baldintzak ematen ez badira, ezinezkoa da”, dio. Nolanahi ere, talde sendoa dutela eta euren burua “oso indartsu” ikusten dutela nabarmendu du.
Baina Oriok ez du bide erraza espero gizonen lehian. Lizarralderen ustez, Zierbenak erakutsi du denboraldian zehar mailarik erregularrena, baina Bermeok ere erakutsi du egun onetan edozein aurkari estutzeko gaitasuna duela. Izan ere, Oriok denboraldi honetan irabazi ez dituen hiru banderak bermeotarrek eskuratu dituzte. Donostiarra, Getaria eta Hondarribia ere aipatu ditu Lizarraldek Orioren aurkari nagusien artean.