Almudena Calvo: "Liga gizonezkoenarekin batera amaitu izan balitz paper oso ona egingo genukeen"

Onintza Lete Arrieta 2026ko abuztuaren 31

Almudena Calvo, joan den astean Arraunetxen. (Onintza Lete Arrieta)

Orio Arraunketa Elkarteko emakumeen traineruak baja asko izan zituen iaz, eta blokea hutsetik egin behar izan dute aurten. Ligan hasiera gorabeheratsua eduki ondoren, azken estropadetan fin ibili da taldea, eta Kontxaren atarian, ligaren balorazioa egin dio Gukari aurten Orion lehen denboraldia duen arraunlariak. 

Almudena Calvo (Castro Urdiales, Espainia,1998) arraunlariak aurreneko urtea du Orio Arraunketa Elkartean, baita Euskotren ligan ere. Zarauzko klubetik iritsi da, eta aurten taldea osatzera sartu diren 11 kirolarietako bat da. 

Liga amaiera oso ona izan duzue, azken estropadak ikusi besterik ez dago. Ligaren zer balorazio egiten duzue zuek?

Uste dut behetik gora joan garela, eta denboraldi hasierak zerikusi gutxi izan duela denboraldi amaierarekin. Denboraldi hasiera nahiko irregularra eduki genuen; estropada batzuetan lan oso ona egiten genuen, eta bat-batean, azkenak amaitzen genuen gero. Hasieran talde edo blokea falta zela uste dut. Eta ligako azken bloke edo zatia bai, oso ona izan da. Normala ere bada, dagoeneko hilabete batzuk daramatzagulako elkarrekin; uretan asko nabaritu dela uste dut. Euskotren liga gizonezkoenarekin batera amaitu izan balitz paper oso ona egingo genukeela uste dut. 

Ligan beste pixka bat jarraitzeko gogoz gelditu zarete, beraz.  

Bai, zalantzarik gabe onartuko nuke Euskotrenek Eusko Labelen egutegia izatea. Ez da posible, baina gustatuko litzaidake. 

Kontxara, beraz, momentu onean iritsiko zarete, bai fisikoki, bai animoz. 

Hala da, bai, bide onean goaz eta konfiantzarekin gaude. 

Euskotren ligaren sailkapen orokorrean laugarren gelditu zarete, baina borroka handia egon da, puntu gutxiren barruan sartu zaretelako San Juan, Orio eta Astillero. Hirugarren postua ez zeneukaten urrun...

Ligari begirako gure helburuak txikiak ziren, estropadaz estropada joan gara eta asteburuz asteburu. Egia da bagenuela Astillero, Donostiarra eta Zumaiaren aurretik gelditzeko helburua, eta estropadaz estropada joan gara helburua lortzen.

Xanti Zabaletak entrenatzaile kargua hartu zuenean esan zuen aurtengo helburua ohorezko txandan lehiatzea izango zela. Ondo bete duzue hori.

Bai, hori zen gure xedea. Galizian jokatu genituen estropaden asteburu hura ez zen batere ona izan guretzat [Redondelan 8. eta 6. Bueun izan ziren], baina astelehena iritsi zenean berriro esan genuen ohorezko txandara bueltatu behar genuela, borrokatu behar genuela hori lortzeko. Eta ikusi da horretarako gai bagarela. 

Aurreneko helburua, beraz, ligarena, beteta. Eta berehala, Kontxako Bandera dator...

Bai, denboraldian zehar ere beti hor dago Kontxaren itzala, baina behin liga amaituta, erabat hitzordu horiei begira gabiltza lanean, sailkapen estropadari batetik, eta hurrengo bi estropadei, bestetik. 

Sailkatuko bazinate, zure aurreneko Kontxa litzateke.

Hala da. Sailkatzeko estropadetan arraun egin izan dut, baina Kontxan inoiz ez, eta uste dut arraunlari guztiok izaten dugula helburu bera: Kontxan lehiatzea. 

Ostegunean, beraz, dena ematera sailkapena gainditzeko. 

Den-dena ematera. 

Soilik zortzi traineruk jokatu dezakete Kontxako Bandera, eta lehia asko egongo da txartela eskuratzeko. Zer iruditzen zaizu zuri?

Galiziatik bost talde etorriko dira, eta ETEko Zarautz,  Hondarribia eta Kaiku ere hor izango dira; askotan horiek ezustekoa ematen dute. Horiez gain, Euskotrenekoak egongo gara. Aurten liga osoan zehar ibili gara elkarrengandik segundo eta ehunenekoen aldearekin, batzuetan hiruzpalau ehunenekoren barruan lauzpabost ontzi. Hortaz, argi dago ez dela erraza izango, edozer gerta daitekeela, eta ondo-ondo egin beharko dugula. Ikusteko polita izango da, baina barruan tentsio handia edukiko dugu, lehia ikaragarri horrengatik. 

Dena ondo bidean, Kontxako Bandera jokatzeko txartela eskuratuko du Oriok. Gero, zer? Arraun Lagunak iaz bezala edo indartsuago dago...

Nire bikotea ere arraunlaria da, eta etxean beti komentatzen dugu uretara irabaztera ateratzen zarela. Gertatu ala ez, faboritoak beste batzuk izan ala ez, irabaztea izaten da arraunlariaren helburua. Bestelako helburuak ere egoten dira, zerbaitetan hobetzea eta talde zehatz batzuei irabaztea, baina helburu nagusia bestea izaten da. Zaila izango da, baina ez dago jakiterik; Zarauzko Ikurrinaren aurreneko jardunaldian, esaterako, [ohorezko] txanda irabaztetik sei segundora gelditu ginen, eta San Juan bi-hiru segundora. Beraz, uste dut edozer gerta daitekeela: batzuek egun ona eduki dezakete, edo guk egun super ona. Ez dago dena erabakita. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide