Orio Arraunketa Elkarteko (OAE) gizonek beste behin erakutsi dute aurten ere ez dutela aurkaririk. Atzoko jardunaldia nagusitasunez irabazi bazuten ere, gaur Zarauzko uretan emandako arraun ikuskizuna apartekoa izan da. Ohorezko txandan lehiatu dira Iker Zabalaren mutilak, Zierbena, Bermeo eta Donostiarrarekin batera.
Oriok lehenengo luzetik hartu du aurrea gainontzeko ontziekiko, eta lehen ziabogara iristerako, jada zazpi segundoko aldea zuen Zierbena eta Bermeorekiko. Azken bi ontzi horien kasuan, lehia estu-estua izan dute estropada guztian zehar, bata bestearen atzetik ibili baitira uneoro. Jardunaldiak aurrera egin ahala, Orio tartea handitzen joan da, eta azken ziabogan 15 segundoko aldea atera dio bigarren zihoan Zierbenari. 20.19,09ko denborarekin irabazi du Oriok, 18 segundo beranduago etorri da Zierbena, eta segundo batera, Bermeo. Donostiarra, berriz, atzean geratu da bigarren luzean, eta 20 segundo beranduago helmugaratu baita.
Gogotik astindu dute Zarauzko Ikurrina. Izan ere, garaipen honekin, Orioko patroi Gorka Aranberrik 100 bandera metatu ditu. Garaipen polita izan da zarauztarrarentzat, eta momentua aprobetxatu du Enbatak asteburuan lortutako garaipenak zoriontzeko. Igandeko ohiturekin jarraituz, harrera egingo zaie etxeko txapeldunei iluntzeko 20:00etan, Herriko Plazan.
Emakumeak fin Zarauzko uretan
Euskotren Ligari dagokionez, Orioko emakumezkoak gaur ere ohorezko txandan aritu dira Arraun Lagunak, San Juan eta Tolosaldearen aurka. Aurkari gogorrak izan dituzte oriotarrek; izan ere, lehia oso estua izan da ligako txapeldunen eta arrosen artean.
Oriori dagokionez, Arraun Lagunaketik zazpi segundora iritsi da ziabogara, eta zailtasunak izan ditu buelta ematerakoan. Bigarren luzean, atzean geratzen hasi da, eta San Juanekiko zuen tartea apurka handitzen joan da. Amaieran, 14 segundo beranduago iritsi da helmugara.
Oro har, estropada bikainak egin dituzte Xanti Zabaletaren neskek. Izan ere, bi egunetako denborak kontuan izanik, hirugarren postuan amaitu dute sailkapenean. Euskotren ligari dagokionez, laugarren amaitu du Oriok, guztira 73 puntu bilduta.
Zarauzko Ikurrina donostiarrek eraman dute laugarren urtez jarraian, baina San Juanek ez dizkio gauzak erraz jarri; izan ere, estropada guztian zehar atzetik izan ditu, pega-pega eginda. Tolosaldea 13 segundo beranduago iritsi da ziabogara, eta bigarren luzean atzean geratzen joan da apurka.