Orioko gizonezkoen trainerua da Zarauzko Ikurrina etxera ekartzeko faboritoa

Julene Sorarrain 2026ko abuztuaren 22a

Orioko gizonezkoen trainerua, arratsaldeko garaipena ospatzen. (Arnaitz Rubio Aprea)

Zarauzko Ikurrinako lehenengo jardunaldiak jokatu dituzte arratsaldean etxeko ur bizietan. Emakumeetan Arraun Lagunakek eta gizonezkoetan Oriok irabazi dituzte jardunaldiak, eta banderak etxera eramateko faboritoak dira. Bihar goizean erabakiko dira txapeldunak, hain zuzen ere. Orioko emakumezkoek ere estropada bikaina egin dute, hirugarren amaitu baitute. 

Goizean ETE eta KAE 1 ligetako jardunaldiak jokatu ostean, Euskotren eta Eusko Label ligetako estropaden txanda izan da arratsaldean Zarautzen. Hain zuzen ere, emakumeek Zarauzko XVIII. Ikurrinako lehenengo jardunaldia izan dute jokoan, eta gizonek, berriz, Zarauzko XLIX. Ikurrinakoa. Dena den, ezusteko gutxi eman dituzten estropadak izan dira gaur arratsaldekoak; izan ere, ligan nagusi doazen Arraun Lagunakek eta Oriok beste behin erakutsi dute aurten ere denboraldia irabazteko faboritoak direla.

Emakumeen estropadak eman dio hasiera arraunketa saioari. Orio ohorezko txandan lehiatu da Arraun Lagunak, Tolosaldea eta San Juanekin batera. Lehia estu-estua izan da ligan nagusi den Arraun Lagunaken eta San Juanen artean, denbora berean iritsi baitira ziabogara. Xanti Zabaletaren neskak atzetik etorri dira, eta, bigarren luzean, estropada bikaina egin dute oriotarrek. Gaurko garaipena, ordea, Arraun Lagunakentzat izan da, 12.03,38ko denborarekin irabazi baitute jardunaldia. Hiru segundo beranduago iritsi da San Juan, eta beste lau segundo beranduago, Orio. Eguneko sailkapenean ere hirugarren egin du Zabaletaren taldeak, eta Zumaiaren kasuan, azkena geratu da.

Emakumeek amaitu bezain laster, Eusko Label ligako estropada jokatu dute. Getaria eta Orio ohorezko txandan aritu dira. Iker Zabalaren mutilek hasiera-hasieratik hartu dute aurrea, eta lehenengo ziabogan jada Bermeori lau segundoko aldea ateratzea lortu dute. Estropadak aurrera egin ahala, Oriok gainontzeko ontziekiko tartea handitzea lortu du. Esperantzak zailtasun gehiago izan ditu Zarauzko uretan, eta hirugarren ziabogara iristerako, 16 segundoko aldea zuen hirugarren zihoan Zierbenarekiko. Amaieran, 10 segundoko aldea atera dio San Nikolas ontziak bigarren egin duen Zierbenari, eta 15ekoa, hirugarren egin duen Bermeori. Getaria azkena izan da bere txandan, 38 segundo beranduago helmugaratu baita.

Biharko jardunaldia 11:25ean hasiko da, Euskotren Ligako estropadarekin, eta haren ondoren izango da Eusko Label Ligako estropada.

Orio B, azken postuetan

Goizean, aldiz, ETE eta KAE 1 ligetako estropadak jokatu dituzte. Zarauzko Arraun Elkartearen Emakumezkoen VI. Ikurrinak eman dio hasiera arraunketa saioari, eta txanda amaitu bezain laster, gizonak uretaratu dira. Horiek Zarauzko Arraun Elkartearen XVII. Ikurrina jokatu dute, hiru txandatan banatuta.

Orio B ontziari lehenengo txandan aritzea egokitu zaio, Lapurdi, Arkote eta Hibaikarekin batera. Lehenengo ziabogara hirugarren iritsi den arren, estropadak aurrera egin ahala, Orio atzean geratzen hasi da, eta hirugarren ziabogara iristerako, jada lau segundoko aldea zuen aurretik zuen Hibaikarekiko. Jardunaldi gogor baten ostean, azken postuan amaitu du Orio B-k, 22.38,18ko denborarekin. Ez du zorterik izan gaurkoan, eta bere txandan ere azkena eginda, 12. postuan amaitu du jardunaldia.

Eguneko sailkapenean, Zarautzek eraman du bandera. Bigarren postua, berriz, Deustorentzat izan da, eta hirugarren Pedreñak egin du. Beraz, gaurko puntuak kontuan izanik, Zarautzek bigarren postuan jarraitzen du sailkapen orokorrean, 169 punturekin, Deusto puntu bakarrera duela. Zumaia hirugarren doa, 153 punturekin, eta Orio B hamaikagarren da; azkena doan Arkoterekin hamar puntuko aldea du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide