Etxetik gertu izango dituzte izango dituzte estropadak Orioko Arraunketa Elkarteko traineruak asteburu honetan. Gaur arratsaldean Pasai Donibanen arituko dira lanean, eta Getarian bihar eguerdian. Bietan ere aurpegirik onena ematera eta, ahal dela, garaipenak eskuratzera aterako dira Orioko bi ontziak.
Pasai Donibaneko hitzordua izango da jokatzen lehena. Euskotren Ligaren kasuan, II. Adinberri bandera-XIII. Pasaiako ikurriña izango da jokoan, 17:20etik aurrera. Haren ondoren jokatuko dute Eusko Label Ligarako puntuagarria den V. CMO Valdes bandera-41. Pasaiako ikurriña. Pasaiakoa arraunketa eremu bitxia izanik, erlojupeko estropada izango da, eta traineruak banan-banan aterako dira badiatik bokalera bidean. Bien kasuan, egin beharreko lana bi luzekoa izango da, ziaboga bakarrarekin. Orioko bi traineruak beraien ligetako ohorezko txandan arituko dira gaur.
Bihar, berriz, Getarian izango dute lana bi ligetako parte hartzaileek. 11:25ean hasita, III Getariako Ikurriña-50. urteurrena-Zarautz Academy Sari Nagusia izango da jokoan Euskotren ligan, eta haren amaieran Eusko Label Ligako XVII. Getariako Ikurriña-50. urteurrena-Ameztoi Txakolina Sari Nagusia jokatuko dute. Getariako hitzordua itsasoan egingo dute eta lineako estropada izango da. Emakumeek bi luze egingo dituzte, ziaboga bakarrarekin, eta gizonek lau luze, hiru ziabogarekin.
Dominatzaile garbia ari da izaten Orio Eusko Label ligan eta sailkapenaren buruan da 145 punturekin; bigarren den Zierbenari 33 puntu ateratzen dizkio, eta katastrofea gertatu beharko luke aurtengo ligako irabazle ez izateko. Emakumeak, bere aldetik, lau onenen artean kokatu dira azken estropadetako emaitzen ondoren. Gaur-gaurkoz laugarren dira, bosgarren den Astillerorekin 50 puntura berdinduta.