Ikusita zenbat jende etorri den zuei harrera egitera, asteburu honetako banderak besteak baino bereziagoak izan dira?
Azken bi asteburuetan bina bandera lortu ditugu, eta gainera asteburu honetan baldintza nahiko gogorretan, eta zer esanik ez, Hondarribiko estropada irabaztea inportantea da guretzat.
Zergatik?
Aurkari handi bat delako eta historikoki Orioren eta Hondarribiaren artean beti egon delako pikea; baina uste dut pike sanoa egon dela. Guretzat inportantea izan da han irabaztea, baina kito. Orain hurrengo bi estropadei begira gaude.
Horiek ere irabazteko...
Lider gaude, bigarrenarekiko puntu askoko aldearekin gainera, eta gure asmoa da iazko marka ontzea, iaz baino bandera gehiago irabazita. Hori izango da gure helburua.
Iaz liga amaitu aurretik zineten matematikoki txapeldun.
Bai. Iaz denboraldi oso ona egin genuen, [puntuetan] marka eginda, baina beti eduki behar duzu helburu bat, eta aurten gure helburua izango da errekor hori berdintzea eta, ahal bada, bandera kopuru gehiago lortzea. Badakigu zaila izango dela, aurkariak ere hor daude eta gogor dabiltza, baina gure ilusioa iazko marka apurtzea da eta bandera gehiago irabaztea. Ez gara itsutuko, hala ere.
Hamahirutik hamar irabazi dituzue.
Bai, egon da momentu txiki bat asteburuetako egun batean kale egin duguna, baina berriz ere norabide onean gaude, eta horri nahi diogu eutsi. Bestalde, zaleei eskerrak eman nahi nizkieke. Ikusten da herrian gero eta mugimendu gehiago dagoela; igande honetan Hondarribian kamiseta hori asko ikusi ditut, eta horrek esan nahi du herrian zerbait ari dela pizten, eta horrela jarraitzea nahiko nuke, estropada eremuetara joanez eta aurkariak errespetuz tratatuz, denon artean estropadez gozatu ahal izan dezagun.