Aurreko asteburuan bezala, oraingoan ere bi banderak Oriora ekarri dituzte OAEko gizonezkoek. Maila ezin hobea erakutsi dute bai Ondarroan (Bizkaia), bai Hondarribian, naturak bi estropada zail jarri baitzizkien batez ere ohorezko txandako traineruei. Hondarribiko trapua, gainera, urteko preziatuenetakoa izaten da, eta zaleek ederki erantzun zuten atzo iluntzean, arraunlariei harrera jendetsua egin baitzieten.
Orioko Txarangaren atzetik arraunlariak bi banderekin zihoazela Errusta aurretik Herriko Plazara bidean txaloak eta Gora Orio oihu bat baino gehiago jaso zituzten herritarren partetik, baita udaletxeko balkoira atera zirenean ere.
Hurrengo asteburuan Pasaian (Gipuzkoa) eta Getarian lehiatuko dira, eta beste bi bandera etxeratzekotan aterako dira uretara. 145 punturekin, lider sendoa da Orio Eusko Label ligako sailkapen orokorrean.
(Argazkiak: Onintza Lete Arrieta eta Joxeju Olasagasti)