Santurtziko bandera irabazita, lidergoa sendotu du Oriok

Maddi Txintxurreta 2026ko abuztuaren 1a

Orioko trainerua, artxiboko argazki batean. (Arnaitz Rubio Aprea)

Ezustekorik ez da izan Eusko Label ligan. Ligan erakutsitako nagusitasuna demostratu du beste behin Oriok, eta bandera berri bat zakuratu du Santurtzin. Euskotren ligan, seigarren sailkatu dira oriotarrak.

Beste bandera bat zakuratu du Oriok asteburuko lehenengo jardunaldian. Nagusitasuna erakutsi du Santurtzin (Bizkaia), eta nagusitasunez ari da agintzen Eusko Label ligako sailkapen nagusian ere. Euskotren ligako traineruak, aldiz, seigarren postuan amaitu du estropada.

Korronteak eta haizeak eragindako gorabeherak gobernatu behar izan dituzte Santurtziko errioan lehiatu diren traineruek. Euskotren ligako hamargarren jardunaldian, Orio abiatu da lehenengo txandako estropadaren buruan, eta hasiera ona egin du: bigarren kalean egin du joaneko luzea, korrontearen babesean, eta itzuleran ertzera egin du, Zumaiari kalea irabazita. Hala ere, Donostiarrak atzetik aurrera egin du estropada, eta Orio baino bost segundo aurretik amaitu. 13.45,20 denborarekin, seigarren egin dute oriotarrek.

Espero bezala, biziagoak izan dira bigarren txandan jokatu duten traineruak. Baldintzak aldeko izan ez dituen arren, nagusitasunez irabazitako bandera politsikoratu du Arraun Lagunak taldeak eta bere lidergoa sendotzea lortu du. 

Baldintza hobeekin lehiatu dira gizonak, Eusko Label ligako traineruak uretaratu direnerako zertxobait apaldu baitira korronteak, are gehiago hirugarren txandan lehiatu diren eskualdeko ontzien kasuan. Txandako buruan hasi da Orio, baina gertutik segitu diote Getariak eta Zierbenak. Apurka abantaila zabaltzea lortu du sailkapeneko liderrak, eta ziabogetan ondo asmatuta, ez du arazorik izan bandera irabazteko. 19.39,42 denbora egin dute oriotarrek.

KAE1 ligan, hamargarren

Arratsaldean, Pedreñan (Kantabra, Espainia) lehiatu da KAE1 ligan jokatzen duen trainerua. Hamargarren sailkatu da Orio, 21.47,18 denbora eginda.

Bihar, Lekeition (Bizkaia) izango dute asteburuko bigarren jardunaldia Euskotren eta Eusko Label ligetako arraunlariek. KAE1 ligakoak, berriz, Santanderren (Kantabria, Espainia) lehiatuko dira.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide