Txanponaren beste aldea bizitzea tokatu zaio Oriori Getxon

Aritz Mutiozabal 2026ko uztailaren 26a

Orioko mutilak gaur Getxoko uretan. (Aitor Arrizabalaga / TKE)

Haizearen aldaketa bortitzak banderaren lehiatik kanpo utzi ditu hirugarren txandako traineruak, Eusko Label ligan; oriotarrek zortzigarren amaitu dute gaur. Euskotren ligan, berriz, bosgarren izan dira, lehen txandan irabazi ondoren. Urdaibaik eta Arraun Lagunak-ek irabazi dituzte gaurko banderak.

Asteburu haizetsua izan da, eta, oro har, aldrebesa. Atzo batzuen mesederako izan zena, gaur besteen kalterako. Fabrika Bandera erdietsi zuten atzoko jardunaldian Orioko gizonezkoek, baldintza traketsen aurrean erakustaldi aparta emanez, baina gaur txanponaren beste aldea bizitzea tokatu zaie. Baldintzek okerrera egin dute goizak aurrera egin ahala, eta hirugarren txandan lehiatu diren ontziek 24 kilometro orduko haizeari ere egin behar izan diote aurre, Getxoko uretan. Gaur, Urdaibai izan da garaile, atzoko deskalifikazioaren arantza kenduta, eta Oriok zortzigarren postuan amaitu du.

Sailkapen nagusiko lehen postuetan nor baino nor dabiltzan traineruentzat ez da egunik onena izan. Haien txanda hasi bezain laster, bistakoa izan da bandera lortzeko egundoko balentria egin beharko zutela. Urdaibaik egin du denborarik onena lehen txandan (20:42,98), baina haizea gogortzen zihoala ikusirik, denbora horretan aritzea ezinezko egiten zuen.

Zierbena izan da nagusi hirugarren txandan (21:18,66), Orioren aurretik; Bizkaiko taldeak 12 segundo atera dizkio San Nikolas traineruari. Haien atzetik Hondarribia eta Donostiarra helmugaratu dira, hirugarren eta laugarren postuan, hurrenez hurren. Hala ere, sailkapenean taularen erditik behera geratu dira lauak: zazpigarren izan da Zierbena; zortzigarren Orio; hamaikagarren Hondarribia; eta hamabigarren, azken tokian, Donostiarra.

Edonola ere, Eusko Label ligako salkapen orokorrean Oriok jarraitzen du buru, 97 punturekin, eta bigarren dagoen Zierbenari 14 puntuko aldea ateratzen dio eta 15 puntu hirugarrena den Urdaibairi.

Euskotren ligan, Arraun Lagunak-ek ez du amore ematen, eta garaipen berri bat erdietsi du (11:01,58). Atzoko jardunaldia bertan behera geratu ondoren, gaur  normaltasunez jokatu dute estropada Getxon. Oriok, bere aldetik, arraunketa serioa egin du, eta lehen txandan nagusitu da (11:43,74), atzean Donostiarra, Hibaika eta Zumaia utzita, eta bosgarren bukatu du orotara. Donostiako taldeari ia 10 segundoko aldea atera dio, Hibaikari 11 segundo eta Zumaiari 21 segundo.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide