Fabrika Bandera irabazi du Oriok, haizeari eta olatuei aurre eginez

Aritz Mutiozabal 2026ko uztailaren 25a

Orioko trainerua, Fabrika Bandera lortu ondoren. (Aitor Arrizabalaga-TKE)

Eusko Label ligako seigarren bandera erdietsi dute gizonezkoek, erlojupeko estropada maisuki kudeatu ondoren. Eusko Label ligako jardunaldia bertan behera geratu da, muturreko baldintzak zeudelako.

Oriori berdin dio itsasoaren egoera zein den, baita haizeak nondik eta nolako indarrarekin jotzen duen ere. Baldintza guztietara egoki moldatzen den trainerua dela erakutsi du gaurkoan, Donostiako XVIII. Bandera Fabrika maisutasunez irabazita. Gisa horretan, Eusko Label ligako seigarren garapena erdietsi du, eta pauso sendoa eman du sailkapen orokorreko lehen postuan, aurkari zuzenekin aldeak areagotuz.

Baldintza oso zailak zeuden gaur Kontxako badian estropadarako, haizete indartsua eta olatu handiak, baina Traineruen Kluben Elkarteak (TKE) emakumezkoen eta gizonezkoen jardunaldiak jokatzea erabaki du, 16:00etan egin duen bileran. Hori bai, ziurtasun handirik helarazi gabe parte hartzaileei. Horren aurrean, Euskotren ligako traineru gehienek uko egin diote lehiatzeari.

Arranplan batzartu dira klubetako ordezkari eta entrenatzaileak, eta muturreko baldintzak zeudela eta arraunlarien segurtasuna bermatzen ez zela argudiatuz, gaur ez uretaratzea erabaki dute. Sei izan dira zuzenean etxerako bidea hartu duten ontziak –Orio, Zumaia, Hibaiba, Arraun Lagunak, Astillero eta Tolosalde–, eta bi bakarrik –Donostiarra eta San Juan– izan dira bertan geratu direnak.

Aipatu bi traineruek estropada jokatzekoak ziren printzipioz, baina Donostiarra portuan geratu da, eta San Juan soilik itsasoratu da, erlojupeko proba jokatu asmoz. TKEko batzorde teknikoak, azkenean, bertan behera uztea erabaki du estropada.

Aitzitik, Eusko Label ligako zortzigarren jardunaldia jokatu da, baina erlojupeko modalitatean. Sailkapeneko ordena kontuan hartuta, atzekoz aurrera atera dira ontziak, lau minutuko tartean, eta lau luzeko estropada aldrebesa bezain nahasia jokatu dute. Arratsaldeak aurrera joan ahala, egoerak hobera egin duela esatea gehiagi esatea bada ere, hasierako txandakoek itsason zakarragoari aurre egin behar izan diote.

Orioko eskifaia, Gorka Aranberri patroiaren gidaritzapean, nagusi izan da beste behin, 22:49,64ko denbora eginez. Gainerakoek baino askoz hobeto kudeatu dute itsaso zakarra, eta lehen luzerako erregistro azkarrenak osatzen ari zen. Bigarren denbora onena Urdaibaik egin badu ere, epaileek deskalifikatu egin dute, bigarren ziabogan baliza istriborrera utzi duelako, eta ondorioz, Hondarribiarentzat izan da bigarren postua, 23:13,06koarekin; hirugarren, berriz, Zierbena helmugaratu da, 23:29,44koarekin.

Bihar eguerdian, Getxon (Bizkaia) izango dute asteburuko bigarren estropada Eusko Label eta Euskotren ligako ontziek.  

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide