Arraun ikuskizuna bermatuta egon da gaur goizean etxeko uretan. Euskotren ligako Orioko XXVII. Emakumezkoen Estropada eta Eusko Label ligako Orio Kanpina XIV. Bandera jokatu dira itsasoan.
Euskotren ligako traineruek eman diote hasiera jardunaldiari. Guztira, 2.778 metroko ibilbidea egin dute, bi luzetan eta ziaboga batekin. Atzo Castron ez bezala, gaur bigarren txandan aritu dira Orioko Arraunketa Elkarteko emakumeak, Arraun Lagunak, Zumaia eta San Juanekin batera. Donostiarrek hasieratik hartu dute estropadaren burua, eta lehia estua izan da Orioren eta San Juanen artean; izan ere, bi traineruak denbora berean iritsi dira ziabogara, Arraun Lagunaketik segundo bakarrera. Zumaia, berriz, atzean geratu da ordurako.
Itzuliko luzean, San Juanek erritmoa bizkortu eta Orio atzean uztea lortu du. Arraun Lagunak izan da azkarrena bere txandan, eta baita eguneko sailkapenean ere, 11:04,28ko denborarekin. Oriok laugarren postuan amaitu du, irabazlearengandik hamahiru segundora, eta Zumaia azkena izan da, bai bere txandan, baita sailkapen nagusian ere.
Eguneko sailkapenean laugarren postua eskuratu du Oriok. Ligako sailkapen nagusian ere laugarren da, 24 punturekin, eta puntu bakarrera dauka hirugarren postuan dagoen San Juan.
Gizonak jaun eta jabe
Orain arteko estropadarik eskasena atzo egin bazuen ere, gaur Oriok bere benetako maila erakutsi du, hasieratik lidergoa hartuta bere txandan. Hain zuzen ere, etxeko arraunlariak hirugarren txandan lehiatu dira, Getaria, Bermeo-Urdaibai eta Hondarribiarekin batera. Eta Oriok nagusitasunez irabazi badu ere, Urdaibaik beste behin ere aurkari sendoa dela erakutsi du. Guztira 5.556 metro egin behar izan dituzte, lau luzetara eta hiru ziabogarekin.
Lehen ziabogan, Oriok denborarik onena egin du, Urdaibairi sei segundoko aldea aterata. Getaria izan da azkena, hamar segundora. Bigarren ziabogan ere Oriok eutsi dio lehen postuari; bitartean, lehia estua izan da Getariaren eta Hondarribiaren artean, bi traineruak batera iritsi baitira.
Hurrengo luzeetan oriotarrak aldea handitzen joan dira, eta, azkenean, 20.16,66ko denborarekin nagusitu dira. Bigarren Urdaibai sailkatu da, hamabost segundora, eta Getaria izan da txandako azkena, 22 segundora. Hala ere, bigarren txandan aritu den Donostiarrak Urdaibaik baino denbora hobea egin du, eta, horrenbestez, eguneko sailkapenean bigarren postua eskuratu du.
Sailkapen nagusian, Orioko Arraunketa Elkarteko traineruak lider jarraitzen du, 56 punturekin, eta hiru puntuko aldea dauka bigarren den Urdaibairen aurrean.
(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea eta Julene Sorarrain).