Orio pattal gizonetan Castron; emakumeak hobetze bidean

Juan Luis Romatet-Julene Sorarrain 2026ko uztailaren 11

Castron jokatu dituzte gaur Eusko Label eta Euskotren ligetako estropadak. Orioko Arraunketa Elkarteko gizonak laugarren izan dira; emakumeak, bere aldetik, hirugarren. Orion jokatu dute, baita ere, KAE 1 ligako jardunaldia, eta herriko trainerua hamargarren postuan sailkatu da, Zarautzek irabazi duen estropadan.

Kantabria aldera joan da gaur arrauneko segizio koloretsua. Castro herrian jokatu dituzte arratsaldean Euskotren zein Eusko Label ligetako estropadak. Bietan ere Caixabank bandera izan dute jokoan. 

Euskotren liga lehiatzen ari diren emakumeen traineruek eman diote hasiera arratsaldeko arraunketa saioari. Pasa den asteburuan izandako ezusteko negatiboaren ostean –zortzigarren egin zuen Oriok Zierbenan–, gaur lehen txandan aritu dira Orioko Arraunketa Elkarteko emakumeak, San Juan, Zumaia eta Donostiarrarekin batera. 

Pasaitarrek eta oriotarrek hasiera indartsua eman diote beraien txandari. San Juan izan da lehena ziabogan, eta Orio bigarren lau segundora. Donostiarra eta Zumaia atzean geratu dira ordurako. Bigarren luzean hortzak estutu dituzte Xanti Zabaletak gidatutako arraunlariek, eta aldea jan diote pasaitarrei. Ez da nahikoa izan, ordea, txanda irabazteko, eta San Juan izan da lehena 12.06,68 denborarekin. Orio bigarren izan da hamalau ehunekotara. Hirugarren Zumaia sailkatu da. 

Oraindik ere bigarren txanda zegoen jokatzeko, baina sorpresa izan da, han aritu diren hiru traineruk, Tolosaldeak, Hibaikak eta Astillerok, lehen txandan lehen hiru postutan sailkatu diren ontziek baino denbora txarragoa egin dutelako. Donostia Arraun Lagunakek bakarrik egin du lehen txandakoek baino denbora hobeagoa. Eguneko sailkapenean hirugarren izan da Orio, eta ligako sailkapenean laugarren da, 19 puntutara hirugarren den San Juanekin puntuetara berdinduta. Bihar etxean jokatuko dute estropada, eta zaletuen aurrean onena eman nahiko dute

Gizonak laugarren

Orain arteko estropadetan Urdaibaik eta Oriok lortu dituzte jokatutako bandera guztiak. Oriok bi bandera irabaziak zituen, Madrilen eta Zierbenan, eta bat Bermeoko ontziak, Bilbon. Gaur ere ez zen harritzekoa izango bien arteko borroka izatea. Urdaibai hor egon da, eta beretzat izan da Castroko bandera, baina Oriok orain arteko estropada pattalena egin du, laugarren postuan sailkatuz. 

Oriok denbora onena egin du lehen ziabogan, Getariarekiko segundo bakarreko aldearekin; Urdaibai, bere aldetik, hirugarren zen, hamabi segundotara. Bigarren luzean, baina, gauzak aldatu dira, eta Urbaibaik hartu du burua, eta lehena izan da bigarren ziabogan, Oriok hirugarren egin duen bitartean. Hurrengo luzeetan aldea handitzen joan dira bizkaitarrak, eta amaieran 21.20,30 denborarekin. Bigarren Getaria izan da, hamabi segundotara, eta txandako hirugarren Orio 23 segundora. Bigarren txandan aritu den Hondarribiak Oriok baino denbora hobea egin du, eta beraz haiek izan dira hirugarren. 

Sailkapen orokorreko buruan jarraitzen du Orioko Arraunketa Elkarteko traineruak, 44 punturekin, baina bigarrenari dioen aldea puntu bakarrera murriztu da, 43 puntu baititu Urdaibaik.

KAE 1eko estropada

Oriok hartu du gaur arratsaldean KAE 1 ligako estropadako antolakuntza. VIII. Orio Kanpina bandera izan da jokoan, eta pasa den astean Zarautzen gertatu bezala, Zarauzko Enbata izan da estropadako irabazlea, Deusto eta Zumaiaren aurretik. Etxeko traineruak hamargarren postuan amaitu du gaurko lana.

(Argazkiak: Julene Sorarrain)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide